Polizia abusuen biktimei mezua, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean

Ataria 2019ko abenduaren 10a

Tolosako udaletxean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek elkarrekin agerraldia egin dute, Nazioarteko Giza Eskubideen egunaren harira. Hiru puntuko adierazpena plazaratu dute. 

Nazioarteko eguna tolosarrengana gerturatu nahi izan dute EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek, Olatz Peon, Andu Martinez de Rituerto eta Joxemari Villanuevak. Tolosako udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdiek, elkarrekin egin duten agerraldian, alde batetik, "giza eskubide ororekiko konpromisoa" azaldu dute. Bestetik, herritarrengana zuzendu dira, Polizia abusuen biktimei buruzko legea martxan jarriko dela gogoratzeko. 

Polizia abusuen biktimei mezua:

Eusko Legebiltzarrak uztailak 28ko, 12/2016 Legea onartu zuen, hedabideetan Polizia abusuen biktimei buruzko legea bezala ezagutzen dena. Urte honetan egindako azken zuzenketen ondoren, lege honen babesean biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko epea ireki da. Bi dira eskaerak aurkezteko irekitako epeak urraketak pairaturiko garaien arabera:

  • 1979-1999 urteen artean gertatutako kasuetarako bi urtetako epea ireki da.
  • 1960-1978 urteen artean gertatutako kasuetarako epe gehigarria ireki da. Epe hau 107/2012 Dekretuan ezarritako betekizun guztiak bete arren aitortza eta erreparazioa eskatu ez edo epez kanpo eskatu zituzten pertsonei zuzenduta dago. Kasu honetan eskaerak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 16an bukatuko da.

Gaurtik aurrera, bere eskaera bideratu nahi duten herritarrek Tolosako Udaleko webgunean honako hau aurkituko dute: legearen edukiak, legearen hartzaileak nortzuk direnen inguruko zehaztasun guztiak bai eta eskaerak bideratzeko moduak. Horrez gain, informazio guztia udaletxera bertara joanda jaso daiteke. 

Agerraldian azaldu dutenez, udaletxeak beste erakunde askok bezala, giza eskubideen kultura garatu eta sakontzeko konpromiso irmoa  du. "Bide horretan, urte luzeetan gure gizartean pairaturiko eta pairatzen diren giza eskubideen urraketei erreparatzea ezinbestekoa da. Indarkeriak eragindako kalte lazgarriak errepara ezinak badira ere, guri erakunde bezala biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta aitortza eskubideak bermatuak izan daitezen, gure esku dagoen guztia egitea dagokigu. Biktima guztiei gure babesa adieraziz eta ahal den neurrian jasandako mina arintzen laguntzeko asmoz". 

Egia eskubidea bermatze aldera, Tolosako Udalak dagoeneko bide bat ireki duela azaldu dute: "Zehazki Aranzadirekin egindako hitzarmenaren ondorioz, dagoeneko bi lan argitaratu dira, Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1936-1945) eta Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean". Hurrengo urratsa ere aurreratu dute: "dagoeneko martxan den eta gertuko memoria bilduko duen azken lana dugu".

Adierazpen bateratua

Abenduaren 10ean, 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Ituna onartu zuen. Itunaren lehenengo artikulua gogoratu dute Peonek, Martinez de Rituertok eta Villanuevak: 

“Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.”

Giza eskubideak babesten Tolosako Udalak eredu izan nahi duela azaldu dute, ondoren. "Bakearen alde, bizitzaren alde, biktimen alde, justiziaren alde, asilo eskubidearen alde, eskubide sozialen alde, aniztasunaren alde, berdintasunaren alde, bizikidetzaren alde, egunero, herritarrekin batera, lana egiteko konpromisoa hartuz".

Pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egingo dutela aitortu dute, bereziki, "indarkeria, gerra, pobrezia, arrazakeria, bazterkeria, bidegabekeria jasan dituztenak babestuz. Errefuxiatuak, baztertuak, jatorri edo erlijio ezberdinekoak, presoak, txiroak, biktimak baitira gure jendarteko pertsona zaurgarrienak".

Azkenik, adostutako hiru puntuak aurkeztu dituzte EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko Tolosako ordezkariek: 

1.- Tolosako Udalak eredu izan nahi du giza eskubideak babesten eta konpromiso irmoa  azaltzen du, giza eskubideen defentsa aktiboa egiteko, bai eta bakearen kultura eta balioen hezkuntza sustatzeko. Horrez gain,  indarkeriaren biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta erreparazioa eskubideak bermatze aldera bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa azaltzen du.

2.- Tolosako Udala, Giza eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, solidaritatea erakutsi nahi die indarkeria eta edozein giza eskubideen urraketa jasan eta jasaten dituzten biktima guztiei.

3-. Erakunde guztioi dagokigu etorkizun justu, aske eta itxaropentsuaren alde egitea. Horregatik, Tolosako Udalak berretsi nahi du pertsona guztiontzako giza eskubideak babesteko konpromisoa. Ozen esan nahi dugu, Giza eskubideekiko konpromisoak Tolosar guztiok batzen gaituela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!