Gabonak gozokizko saritan ospatuko ditu Tolosa&Co elkarteak

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 9a, 19:58

Bihar hasiko da ‘Urrezko Gozokia’ kanpaina eta, 1.000 euroko saria duen gozokiaz gain, ia beste 500 sari banatuko dituzte bezeroen artean

Joan den ostegunaz geroztik, Eguberri argitan jantzia da Tolosa, zentzu guztietan. Apaingarriez harago ere, udalak eta herriko eragileek argiztatu egin nahi baitute Gabonetarainoko bidea, jardueraz. Horrela, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak bihar bertan ekingo dio Urrezko Goxokia kanpainari, bigarren urtez. 
Iaz zenbait gozokik sari potoloak banatu baldin bazituzten, aurten sistema aldatu, eta gozoki gehiagok banatuko dituzte sariak. Horrela, katiluak, oihalezko poltsak, erosketa txekeak eta ostalaritza txekeak irabazteko aukera izango dute herritarrek; guztira, ia 500 sari banatuko dituzte. 
Urrezko Goxokia izango da sari handiena, eta 1.000 euro jasoko ditu gozoki hori zabaltzen duen bezeroak. Horrez gain, Tolosa&Co-k beste 1.000 euro banatuko ditu txeketan, elkarteko saltokietan erabiltzeko. Azkenik, kontsumo txekeak ere izango dira, komertzioetan nahiz ostalaritzan deskontu txikiak eskuratzeko. 
Gozoki saridunek kodeak izango dituzte, eta bezeroek www.tolosandco.org webgunean sartu beharko dute, txekeak eskuratu ahal izateko; elkarteak bezeroei zuzenean bidaliko dizkie txekeak. 

Erraldoiak egiten eta erraldoi izaten ikasten

Erraldoi eta buruhandien tailerra antolatu du Tolosa&Co elkarteak, Erraldoi eta Buruhandian konpartsarekin elkarlanean. Tailer bakoitzak hiru eguneko iraupena izango du, eta taldeak adinaren arabera banatuko dituzte. Izena ostegunean 20:00etatik aurrera eman ahal izango da, www.tolosandco.org webgunean, 5 euroan, eta talde bakoitzean, gehienez ere, 25 haur ariko dira. 
Lehen txanda abenduaren 23, 25 eta 27koa izango da eta, bigarrena, abenduaren 30, eta urtarrilaren 2 eta 3koa. Ordutegiak, berriz, horrela antolatu dituzte: 4 eta 7 urte bitartekoak, 10:00etatik 11:35era, edo 17:30etik 19:00etara; eta, 8 eta 11 urte bitartekoak, 11:45etik 13:15era edo 15:45etik 17:15era. 
Buruhandi eta erraldoiak benetako neurrian egingo dituzte ikastaroko lehen egunean, eta erraldoien dantza ikasiko dute bigarren saioan. Azkenik, erraldoi eta buruhandien osagarriak egin, eta kalejira txikiak egingo dituzte Tolosako kaleetan barrena. 

Herri bat, Izarrez beteta

Gabonak girotzeko ahaleginean, herriko merkatari eta ostalariek musikari tarte nabarmena eman izan diote azken urteotan. Datozen egunotan ere hala izango da, eta herriko eta eskualdeko musikarien eskutik, gainera, Tolosa izarrez beteta kanpainaren bidetik. 
Hilaren 18an hasi, eta urtarrilaren 4ra bitarte, kaleak kontzertu txikiz beteko dira Tolosan, 11:30ean eta 18:00etan. Emanaldien agenda nahiz Gabon egitarau osoa eskuragarri daude, www.ataria.eus/agenda atalean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!