Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdiko sariak banatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 6a, 21:46

Hamalau film laburrek hartu dute parte X. Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdian; film labur onenaren saria David Elligtonen Hope filmak eskuratu du.

Gainditzen Tolosaldea-Goierriko Pertsona Gorren Elkarteak antolatuta, X. Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdia ospatu da arratsaldean zehar Tolosako Leidor aretoan. Argentinako, Erresuma Batuko, Espainiako, Indiako eta Kataluniako hamalau film labur aritu dira lehian, 16:30etatik aurrera. Jendetza gerturatu da aretora, eta arratsalde osoa pasa dute film ezberdinei begira, tartean, atsedenak eginez. Iluntzean, jaialdiari amaiera emateko sari banaketa egin dute.

Epaimahai lanetan Angel Rojo, Jose Luis Armisen eta Marga Mendoza aritu dira, baina publikoak ere izan du film labur hoberena zein izan den hautatzeko eskubidea. Publikoak Hope aukeratu du, eta film labur onenaren saria ere film horrek berak jaso du. Zuzendari onenaren saria ere Hope filma gidatu duenak jaso du, David Elligtonek.  Zuzendari gazte onenaren txapela, aldiz, Pau Escuderok jantzi du, La Sombra film laburragatik. Gidoirik onena, 140 palabras film laburrarentzat izan da, Lola Garciaren gidaritzapean egina. Muntaketarik onenaren saria Paco Lopezek eskuratu du, Casa Alavedra filmagatik. Film labur horrek berak eraman du argazkirik onenaren saria, eta Rafa Puig izan da saria jaso duena. Aktore onenen sariak Julia Wejnar eta Jesus Benabarrek jaso dituzte. 

Gaurko lehiaketa nagusia igarota, Tolosa ezagutzeko txangoa egingo dute bihar goizean, Euskal Herria plazatik abiatuta, eta bazkari bat ere egingo dute jarraian, 14:00etan. Arratsaldean, berriz, aurreko bederatzi urteetan garaile izan diren filmen lehiaketa egingo dute Leidorren, eta irabazleen arteko irabazlea aukeratuko dute ondoren. Berritasun moduan, Rozalen abeslari espainiarraren eta haren interprete Beatrizen emanaldia izango da sari banaketaren ondoren, Leidorren bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!