Boteretsuek eta aberatsek ez dute irakurri beharrik, izan ere, beraiek menperatzen dituztenez komunikabide ia-ia guztiak, beren munduaren ikuspegia, beren ideologia, beren interesekoak soilik diren proiektuak, beraiek nahi dutena jan behar izaten dugu besteok. Eta munduan benetan gertatzen denaz jabetzeko zein bide geratzen zaigu herritar arruntoi? Boteredun horiek kontrolatzen ez dituzten hedabideak irakurtzea, liburu kritikoak leitzea… Ez dago beste biderik eta, tamalez, artikulu luzexkak, pentsarazten duten liburuak… irakurtzeko ohitura galdu dugulakoan nago. Beren eskuetan gaude ohiturak aldatu ezean, nahi dutena egingo digute gure onerako dela esanez beren interesekoa denean soil-soilik.
Adibide tamalgarria Gipuzkoan gertatua: gaixotasun larriak sortzen dituen errauskailua egin dute ingurumen zentro eredugarria balitz bezala. Boteredunen hedabideek halaxe saldu dute beren interesekoa soilik den errauskailua. Eztabaida publikorik gabe, Europak aholkatzen duen bidearen kontra, baina errauskailua egina. Adibide xumea besterik ez da, gai guztiekin berdin jokatzen du botereak, hedabide ia guztien jabe den gutxiengo guztiz aberatsak.
Komunikabide independente, txiki eta duinak (Berria, Argia, Gara —espainolez irakurtzeko gai besterik ez direnak—…) irakurri behar ditugu, baldin eta aberatsei komeni zaienarekin geratu nahi ez badugu, gaietan sakondu, arazoak egoki identifikatu eta axalkerietan geratu nahi ez badugu. Irakurtzeak handitu egiten du gure jakintza, jakin-mina elikatzen du eta boterearen aurrean ezinbestekoa den jarrera kritikoa izaten lagunduko digu. «Pentsatzeko eta kontra egiteko gure gaitasunari uko egitean gaizkia eta txarkeria kontrolik gabe hazi eta zabaltzen da» (Hannah Arendt).
Klima aldaketa, errauskailua egitea, aberatsei zergak jaistea, gutxi-gutxi batzuk guztiz aberastea, langileen eskubideak murriztea, prekarietatea arau orokor bihurtzea, pentsio duinik ez izatea, erabakitzeko eskubiderik ez izatea… hori guztia, neurri handi batean, informazio benetako eta fidagarriaz elikatzen ez garelako gertatzen ari zaigulakoan nago.
Irakur dezagun disfrutatzeko, hori ere ikaragarri garrantzitsua da-eta, baina ez dezagun ahaztu pentsatzeko, kritikoak izateko, jakintsuagoak izateko, askeagoak izateko ere irakurri beharra dagoela, artalde burumakur eta tonto-tuntun nahi gaituelako botereak, herritar kritiko beharrean.
Gure esku dago irakurtzea, eta, gainera, plazer ederra da. On egin!