«Askok uste dutenaren aurka, etengabe ikastea eskatzen du lan honek»

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 6a, 19:59

Saberri lurrindegiak 30. urteurrena ospatu berri du azaroa amaieran, Gabonetako kanpaina atarian; egun lanpetuen ondorenerako, proiektu berriak buruan darabiltza Garbiñe Mozok.

Gurasoen dendako erreleboa hartu zuen Garbiñe Mozok (Elduain, 1972), eta pasa den azaroaren 25ean 30. urteurrena ospatu zuten Saberri lurrin dendan. Hiru hamarkadatan gora-beherak izan dituzte, baina Kale Nagusia osasuntsu ikusten du orain. Bi langile aritzen dira bere ondoan, eta guztiek ere argi dute, zein den zerbitzu ona eskaintzeko lehen baldintza: bezeroei entzutea.

30 urte, ez da urteurren makala. Pozik izango zarete.

Bai, bai. Egia esan, oso azkar pasatu dira. 30 urtean gauza onak zein txarrak izan dira, baina hementxe gaude.

Gurasoengandik jaso zenuten saltegiaren ardura. Hala ere, bokazioz aritzen zara?

Txikitatik gustuko izan dut jendearekin sortzen den harremana. Gu Elduaingoak gara, eta gure izebak Elduaingo taberna eduki zuen, kontsejua. Txiki-txikitatik tabernan egoten ginen, herriko jendearekin, eta horretara ohitu gara; jendearekin egotera.

Denda 1989an ireki zuten zuen gurasoek, eta aitzindari izan ziren, lurrin denda batean autozerbitzua eskainiz.Ba al dakizu ideia nondik sortu zitzaien?

Tolosan, autozerbitzua ezarri zuen lehenengo denda izan zen, drogerian eta lurrindegian. Gurasoak harremanetan jarri ziren Donostiako denda bateko arduradunekin, eta ikusi zuten formula berri bat zela. Nolabait, salmahaiak kentzeko joera zetorrela, jendeak produktu guztiak hobeto ikus zitzan, eta erosketa erosoago egin zezan.

Arrakasta izan al zuen hasieratik?

Garai hartan, goizetan ikasi egiten nuen, eta arratsaldetan dendara etortzen nintzen. Jendearentzat sekulako berrikuntza izan zela gogoan dut, izan ere, Tolosan lehenengo autozerbitzua izateaz gain, Donostian bertan ere denda gutxik eskaintzen zuten halako bezero arreta. Gero bai, urte batzuk pasatu, eta kate handiek gehiago zabaldu zuten autozerbitzua Donostian.

Ordutik hona, aldatu al da bezeroen erosteko modua?

Bai. Orain genero izugarri dago, eta jendeak ikusi egin nahi du hori guztia: zein desberdintasun dagoen produktu batetik bestera, batek edo besteak zein propietate dituzten,... Bezeroek aniztasuna ikusi nahi dute, merkatua ere halakoa delako gaur egun: anitza.

Horrek zuei lana gehitzen dizue, produktuak aukeratzerakoan?

Bai. Egia esan, azken urteotan nabaritu dut, nik neuk produktuak erosterakoan lan handiagoa izaten dudala lehen baino. Oso hornitzaile onak dauzkat, eta oso ondo erantzuten dute, baina prezioari ere begiratu behar izaten diot. Izan ere, produktuak prezio onean erostea gustatzen zait, gero, saltzerakoan ere, bezeroarentzat prezioa ona izan dadin. Horrek ordenagailu aurreko lan handia ematen dit, eta oso ondo negoziatu behar izaten dut hornitzaileekin.

Zuen bezeroak kalitatea bilatuko du, baina prezio ona ere bai, ahal den neurrian.

Bai. Marka onekin lan egin nahi izaten dut, eta aukeratzen ditudan marka horiek beti eskaintzen dute kalitatea, prezio ona eta aukera.

Zentzu horretan, nola eragin dio Saberriri internet bidezko salmentak?

Eragina nabaritzen dugu, handia gainera. Askotariko jendea dago, eta badira dendariarekin harremana edukitzeko beharra duten bezeroak ere; beraientzat egokiena zer den galdetzea gustuko dutenak. Baina, ez dut ukatuko, internetek min egiten digula.

Hala ere, zuen produktu motak behar du, neurri baten, usaintzea edo norbere azal gainean proba egitea, ezta?

Interneten gauza asko salduko dira, baina, adibidez, hemen, makillajea, ezpainetakoak, zuzentzaileak eta horrelako produktu guztiak probatu egiten ditugu bezeroarekin. Txoko bat dugu horretarako, eta hori gure alde dugula uste dut, azken finean, zerbitzu bat delako. Makillatzen ere aritzen gara, edozein ospakizunetarako, eta dendan ez ditugun perfumeak enkarguz ekartzen dizkiegu bezeroei.

Autozerbitzua izanez zabaldu zen Saberri, baina harreman pertsonal hori ere beti izan duzue. Hori da zuen gainbalioa?

Baietz esango nuke. Batzuetan ez dugu oso ondo jakiten, zer den ondo doakigun hori, edo zer den gure azalak behar duena, eta gu horretarako gaude.

Oro har, zein da Saberriko bezero mota?

Erosten duen horrek berme bat izatea nahi duena, kalitatearen bila doana eta aniztasuna ikusi nahi duena.

Eta, adinari begira, nola ikusten dituzu gazteak eta bertako komertzioa?

Duela urte batzuk azterketa txiki bat egin genuen dendan, sartzen ziren bezeroen sexua eta adina apuntatuz. Emaitzak begiratuta, ikusi genuen guk uste baino gizonezko gehiago sartzen zirela Saberrira, eta aldaketa batzuk egin genituen gure eskaintzan. Adinari dagokionez, berriz, esango nuke 25 urtetik gorako bezeroak ditugula. Jende heldua ere oso gustura etortzen da hona, eta ni neu ere oso gustura egoten naiz adinekoekin.

Dendarion lana, besteak beste, etengabe berritzen aritzea da, jendearen eskaerara moldatzeko. Burua noizbait geldirik izaten al duzue?

[Barreak] Ez. Nik asko erreparatzen diot jendeak eskatzen duenari, jendeak nahi eta behar duenari. Dendaren martxarako hori hartzen dut kontuan, eta niretzat hori da gure lana.

24 orduko eta 7 eguneko lana da, ala lortzen duzue burua dendatik deskonektatzea?

Tira, badaude horretarako momentuak ere. Baina orain, adibidez, gauean ere burua martxan izaten dut. Eguberrien bueltan eskaera hazi egiten da, bolumen handiagoa izaten da. Dena den, perfumeen kasuan, urte osoa izan ohi da garai ona. Usain ona izatea denoi gustatzen zaigu, eta urte osoan barrena ondo lan egiten dugu produktu horiekin.

Kale Nagusian zaudete. Duela urte batzuk, lokal asko hutsik zeuden hemen, baina azken boladan biziberritu da Kale Nagusia. 30 urteotan, zein aldaketa nabaritu duzue zentzu horretan?

Kale Nagusiak onura nabarmenak izan ditu, egia esan. Udalak eta Tolosa&Co elkarteak proiektu berezi bat garatu zuten komertzio berriak irekitzeko eta, adibidez, Garia okindegia, Zuzeu, GKo Gallery eta La Ratita Presumida ireki zituzten. Kale Nagusian jende gehiago dabilela nabaritzen da, eta hori guretzako mesedegarria da, noski. Gainera, Kale Nagusiko merkatariok asko elkartzen gara, bai Gabonetako apaingarriak egiteko, eta baita urte osoan kaleari kolorea emateko ere. Elkartasuna daukagu Kale Nagusiko denden artean.

Nola ikusten duzu Tolosako merkataritza 15 urte barru?

55-57 urte inguruko merkatari asko daude eta, urte gutxi barru, erretiroa hartuko dute askok. Nire ustez, hor badugu lana, jende gaztea prestatzen. Askok pentsatzen dute, dendan egoteak ez duela formakuntzarik eskatzen, baina etengabe ikastea eskatzen du lan honek. Nik, adibidez, 30 urte daramatzat dendan, baina sekula ez diot utzi prestakuntza jasotzeari. Belaunaldi berriak ere prestakuntza horretan hastea lortu beharko genuke, Tolosan saltoki onak daudelako, eta pena handia litzatekeelako horiek ixtea.

Horretarako, merkataritza lan aukera moduan ikusi behar dute.

Noski. Egoera ez dago erraza, baina ikusi egin behar da zerk duen aurrera egiteko aukera, eta jendeak zein behar dituen.

Tolosa&Co elkartea aipatu duzu. Saberriren ibilbideari begiratuta, zer ekarri dizue horrelako elkarte bat edukitzeak?

Batez ere, gure arteko harremana sustatzen du, eta askotan norberari bakarrik suertatzen zaizkion arazoak direla uste badugu ere, askori gertatzen zaizkiola ikusten dugu. Hori guztia partekatzeko balio du, eta horrek asko laguntzen dizu.

Hiru hamarkadako urtemuga ospatzen ari zarete, eta bezeroen artean saskia zozkatuko duzue aitzakia horrekin. Aurrera begira, baduzu helburu berririk?

Orain Gabonetako kanpaina ondo joan dadin nahi dut, urtarrilera bitarte. Baina, hurrengo urtera begira, hobekuntza batzuk egiteko ideia buruan bueltaka darabilt. Ondo aztertu nahi dut guztia, baina berrikuntza batzuk egin nahi ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!