"Euskara dagoen hizkuntza poetikoenetakoa dela uste dut"

Asier Imaz 2019ko abe. 6a, 11:59

Artista tolosarrak euskararekin duen harremanaz hitz egin du bere jaioterrira egin berri duen bisitan; azken egunetako polemikaren jakitun, gauzak argi utzi nahi izan ditu.

Bere haurtzaroaren inguruko grabaketak ekarri du Ainhoa Arteta Ibarrolaburu (Tolosa, 1964) bere jaioterrira. Egun bakarreko bisita izan arren, asteazkenean, TOLOSALDEKO ATARIA-ekin hitz egiteko tartea hartu zuen.

Zerk ekarri zaitu zure jaioterrira?

Tolosa nire altxorra izango da, beti. Orduko Justizia plazan jaiotakoa naiz, gaur egun, Euskal Herria plaza dena. Nire haurtzaroaren inguruko programa bat grabatzen ari dira. Atzo (asteartea), Isparterren izan ginen. Aittiteren etxea oraindik han daukagu. Gaur (asteazkena), Tolosan gabiltza grabaketekin. Goizean izeba Kontxurekin egon gara. Tolosa eta Ispaster artean pasatu nuen nire haurtzaroa.

18 urterekin hautsi zen lotura hori, Italiara joan zinenean.

Beti asko maiteko dudan pertsona baten laguntzarekin joan nintzen Italiara. Gaur, gure artean ez dagoen Joxean Lizarribarrek dirua eman zidan. Bizitza goitik behera aldatu zitzaidan. Tolosara udan bakarrik etortzen nintzen. Familiarekin bizitzetik urruneko harremana izatera pasatu nintzen. Orduan ez zegoen mugikorrik. 36 urte nituela itzuli nintzen berriro. Dena ezberdina zen; hoberako. Euskararen arloan eta denean.

Italiara joan aurretik, nolako harremana zenuen euskararekin?

Gure etxean euskara besterik ez zen hitz egiten. Hiru urte nituenean, zaintzaile bat ekarri zuten etxera; Gerardo anaia eta biok zaintzeko. Salamancakoa zen bera. Orduan hasi nintzen gaztelera ezagutzen eta ikasten. Gero, ikastetxean, ez zen euskaraz erakusten. Kalean ere oso gutxi entzuten zen. Ez dauka zerikusirik gaur egungo egoerarekin. Baina zortez, ile apaindegi bat genuen eta Tolosaldeko herrietako etxekoandre asko etortzen ziren, eta euskaraz hitz egiten zen. Bestelakorik ere ezagutu genuen, eta ez zen batere gozoa izan.

Zer esan nahi duzu bestelako horrekin?

Gazteleraz ondo ez zekitelako baserritarrei nola barre egiten zieten ezagutu nuen. Gure familian hori pentsaezina zen. Edo ile apaindegian, etxekoandreen ondoan egon nahi ez zutenak; bionbo bat jartzeko eskatzen ziguten. Horrek, izugarrizko errespetua sortu zidan baserriko etxekoandreenganako.

Orain, gogoratzen hasita, trukerako aukera izaten zela ere gogoratzen dut. Arrautzak, babarrunak… ekartzen zizkiguten ilea apaintzearen ordainetan. Hori ere ezagutu nuen. Ederra zen.

Zure soprano ibilbidea handitzen zihoan heinean, mundu osora zabalduz, jaioterrirako bisitak murrizten joan ziren.

Bisiten gozamena, ordea, izugarria izaten zen. Zentzu guztietan ikusten ziren aldaketak. Euskara gehiago entzuten zen; euskarazko telebista zegoen. Baina aldi berean, euskara galtzen ari nintzela ikusten nuen. Euskara batuarekin hori gertatu zitzaidan, han eta hemen entzuten nuen, eta atzean geratu nintzenaren sentsazioa nuen. Tolosako etxean edo ile apaindegian etxekoandreekin genuen euskara, edo Ispasterrekoa, desberdina zen. Baina Tolosan bizitzen jarraitu izan banu, nik ere bilakaera hori izango nuen. Nire lehengusuengan, ingurukoengan, hori ikusi dut: euskaraz perfektu hitz egiten dute, eta ni ez nintzen atzera geratuko.

Baina esandakoa, hutsune hori sentitu nuen, eta ez da harrotasunez esaten dudan zerbait. Alderantziz, tristura sortzen didan zerbait da. Euskaraz ulertzen dut, baina hitz egitea kosta egiten zait. Zuek hain modu arin eta errazean nola egiten duzuen ikusten dudanean, horren natural, lotsa ematen dit hor sartzeak. Baina etxekoekin baserrian egon naizenean, ikusi dute egunetik egunera nola joan naizen askatzen. Argi geratzea nahi dudana da, euskara defendatzeari ez diodala inoiz utziko, eta ez dudala inoiz inor kritikatuko euskaraz hitz egiteagatik; berdin zait batua izan, bizkaiera izan edo euskara zaharra izan.

Euskarari buruz esandako zure hitz batzuk agertu dira egunkari batean; eta zalaparta sortu dute.

Bai, eta min eman dit. Lehenik eta behin, artikulu hori idatzi duenak errespetu falta izugarria izan du nirekiko. Ez dagoen lekuan gatazka bat sortu du. Prentsaurrekoa grabaturik dago, eta esaldi asko testuingurutik kanpo daude. Inoiz ez nauzu entzungo esaten euskara batua ez dudala errespetatzen edo euskara batua ez zaidala gustatzen. Edozein euskara zoragarria iruditzen zait. Ez da gure hizkuntza bakarrik, mundu mailako altxor bat da euskara. Horretaz oso harro nago, baina gustatuko litzaidake gehiago idaztea edo hitz egitea.

Bestetik, ez naiz polemika sortu zalea. Bizitzako zentzu guztietan. Polemika bat sortu da nik esan omen ditudan hitz batzuengatik, baina nik esan ez ditudan hitzak dira. Bizi osoa euskara mespretxatuz bizi den pertsona bat izan banintz, edo euskaraz hitz egitea nahi ez duen horietakoa, onartuko nuke; baina hori ez da inondik inora nire kasua. Eta hori argi utzi nahi dut.

Madrilgo Zarzuela Antzokiaren historian, 160 urtetan, euskarazko obrarik ez da kantatu. Azaroaren amaieran, lehen aldiz, euskarazko obra bat izan zen oholtzan: Jesus Guridiren 'Mirentxu'. Protagonista nagusia zu izanik, nolako esperientzia izan zen?

Oso berezia. Mirentxu 1910eko obra bat da. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak daude. Ia beti erdaraz egiten da. Niretzat oso zirraragarria izan da Mirentxu euskaraz Zarzuela Antzokira eramatea. Baina ez Zarzuelara bakarrik, Mirentxuren bizitza, idatzi den politenetakoa, mundu osora eraman dut. Obra horretako euskara niretzat oso berezia da, amonak hitz egiten zidan hura aurkitzen baitut. Emozio izugarria sortzen dit horrek.

Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak daudela esan duzu. Bietan abesten al duzu?

Ez. Euskaraz bakarrik. Gazteleraz ez nuke abestuko. Zentzurik ez luke izango. Itzulpena ikusia daukat, eta ez dauka zerikusirik. Euskara poesiaz egindako hizkuntza bat da. Hitzen konposaketek duten indarra eta errealitatea hain da handia… 'Ilargia' hitza, adibidez: hil argia; edo 'amona': ama ona. Euskarak aberastasun eta poesia hori dauka. Mirentxu itzultzea niretzat ezinezkoa da, sortzen didan emozioa bakarra delako. Euskara dagoen hizkuntza poetikoenetakoa dela uste dut.

Madrilen euskara nola hartu zuten?

Oso ondo. Negarrez bukatu zuten. Nik ere bi emanaldiak negarrez amaitu nituen; Mirentxu-ren amaiera oso polita delako. Euskadin obra taularatzea gustatuko litzaidake. Bilbon, Donostian edo berdin dit non. Arriagako Nahikari Aretxederrarekin hitz egin izan dut horren inguruan. Hemen egin beharra dagoela uste dut.

Eta munduan zehar, nola ikusten dute euskara?

Historia izugarriak dauzkat. Behin, New York-en euskaraz zekien taxi gidari batekin joan nintzen. Ez zen hemengoa, bertakoa zen. Ameriketako indioen kultura asko gustatzen zitzaion, eta ondorio batera iritsi zela esan zidan: haien hitzek euskararekin nolabaiteko lotura zutela. Horregatik ikasi zuen euskara. Ni euskalduna nintzela jakin zuenean, altxor bat aurkitu izan balu bezala izan zen. Oso une polita izan zen. Bestalde, linguista bat baino gehiago ezagutu ditut. Guztiek, euskara altxor bat bezala ikusten dute, baina ez leku zehatz bateko altxorra, mundu mailako altxor bat bezala baizik.

Bizitu dudan eta ezagutu dudan guztia jakinda, nola demontre hitz egingo dut nik euskararen aurka. Ez dudalako ondo hitz egiten edo ondo idazten, ez die nitaz barrerik egiteko eskubiderik ematen. Baserritarrei nola barre egiten zien ezagutu nuen, gazteleraz ondo hitz egiten ez zekitelako. Hori umiliagarria da. Abusu bat da. Eta ez du onartuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!