Berazubi estadioko zedroak mozten ari da udala

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 5a, 15:37

Atletismo pistan sortzen duen arriskua dela eta, atzo ekin zioten zuhaitzak mozteari; bidea itxita izango da 18:00ak bitarte.

Tolosako Berazubi estadioko zedroak mozten ari da, egunotan, Tolosako Udala. Zuhaitzek oztopoak sortzen zituzten atletismo pistan eta, horrez gain, korrikalarien segurtasuna ere arriskuan zegoen, zuhaitzak hazten joan diren heinean. Hori dela eta, atzo hasita, lorezaintza enpresa batek egindako txostena oinarri hartu, eta atzo ekin zioten zedroak mozteari.


Aipaturiko txostenak dio, zuhaitzak hasieratik gaizki landatuta daudela: «Zuhaitz hostoiraunkorrak dira, eta kirol instalazioaren hegoaldean daude landatuta. Horrek pistaren zati horretan eguzkiak jotzea eragozten du, eta, ondorioz, goroldioa eta hezetasuna sortzen da. Gainera, zedroa azikula eta pinaburu asko botatzen duen koniferoa da, eta horrek arazo bat sortzen du atletismo pistan, zorua irristakor egotea eragiten baitute».

Udalak azaldu duenez, nola Tolosa CF elkarteak, hala Gipuzkoako Atletismo Federazioko epaileek, behin baino gehiagotan azaldu izan dituzte gaiaren inguruko kezak, eta udalak erantzuna eman nahi izan die horiei, besteak beste, korrikalarien segurtasunaren alde.

ALDAKETAK TRAFIKOAN

Atzo hasitako lanak gaur bukatzea aurreikusi du udalak, eta horrek 08:00etatik 18:00etara bitarte Paper kaleko trafikoa ixtea eragingo du, lanak behar bezala garatu ahal izateko.

Era berean, Tolosako Hiribusaren ibibideak ere zenbait aldaketa izango ditu, eta bertan behaera geratuko dira Martin Jose Iraola kaleko eta Paper kaleko geldialdiak. Ordu tarte horretan, honakoa izango da autobusak egingo duen ibilbidea: Rondilla kaletik San Frantzisko, eta handik zuzenean Araba Etorbidera joango da, Iurre auzoko biribilgunea hartzeko. Puntu horretatik aurrera, ohiko ibilbidea jarraituko du Hiribusak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!