Adingabe bat bortxatu izanagatik hiru urte eta erdiko espetxe zigorra

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 5a, 15:26

2017. urtean gertatu zen, kalderero eguneko goizaldean, Tolosako etxebizitza batean; espetxe zigorraz gain, 15.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.

Duela bi urteko inauterien atarira jo behar da, atzo bertan Tolosako epaitegian izan zen auziaren jatorrira itzultzeko. Otsaila zen, kalderero gaua, eta 16 urteko emakume batek 20 urteko gizonezkoa salatu zuen, etxebizitza batean bortxatu egin zuela azalduz. Bada, akusatuak onartu egin du Fiskaltzak egindako hiru urte eta erdiko espetxe zigor eskaria. Hasieran bederatzi urte eskatzen bazituen ere, azken eskarian ia sei urte gutxiago eskatu zituen. Espetxe zigorrarekin batera, 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Horietatik, 6.000 euro dagoeneko eman dizkio. Horrez gain, zigorra bete ondoren bost urtez egongo da zaintzapeko askatasunean, eta hamairu urtez izango du debekatua adingabeari hurbiltzea.

Fiskaltzaren salaketa idatziaren arabera, zehazki 03:30ean gertatu zen erasoa. Gizonezkoak 20 urte zituen orduan, eta bere etxebizitzara joan zen 16 urteko neskarekin. Behin etxebizitzan zeudela, sexu harremanak edukitzen hasi ziren, eta neskak onartu egin zituen «hasiera batean». Fiskaltzaren idatziak zehazten duenez, «sexu harremana edukitzen ari zirela, salatzaileak akusatuari azaldu zion, ez zuela jarraitu nahi. 'Gelditzeko' eskatu zion, eta argi utzi zuen ez zuela jarraitu nahi. Akusatuak 'ez zion kasurik egin eta jarraitu egin zuen'. Orduan, nerabea erasoa gelditzen saiatu zen, 'indar fisikoa erabiliz', baina 'ez zuen bere helburua lortu'». Gertakariaren ondoren, etxera bidea hartu zuen 16 urteko emakumeak, eta bere amari kontatu zion gertatutakoa. Egun horretan bertan jarri zuen salaketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!