Aulkitik

Gogor eutsiko diogu

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arregi 2019ko abe. 5a, 15:19

Aurreko astean sailkapeneko hirugarren postuan kokatzen den Idiazabalen aurka berdinketa lortu ostean, gogo handiz hartu genuen Gipuzkoako Kopako erronka. Izan ere, Kopako zozketak berriro ere goierritarren aurka lehiatu gintezen nahi izan zuen.

Beraz, ilusioz eta indarrez abiatu ginen Tolosatik eta bidean, betiere gure playlistak lagunduta, gure animoak handitzen joan ziren. Modu horretara, idiazabaldarren zelaira iritsi eta beroketa eginda, guretzat oso gogorra izan zen partida bati eman genion hasiera. Aurreko asteko emaitza kontuan hartuta, bagenekien, gure artean presioa eginez, aurkaria indar handiz arituko zela lehen minututik.

Eta ez genbiltzan oso oker. Idiazabalgo taldeak oso gainean defendatu zuen partidako lehen zatian eta zaila izan zen zelai erdia zeharkatzea. Zailtasun horri defentsako akats batzuk gehituta, lehen bi golak sartzea lortu zuen aurkariak. Amore eman ez bagenuen ere, gure animo eta sentsazioak okertuz joan ziren eta jarrera horrek ez zigun batere mesederik egin. Gainera, taldeko zenbait jokalariren azken momentuko bajak kontuan hartuta, fisikoki maila altua eskatu zigun partida bat izaten ari zen. Horrela, markagailuko 2 eta 0-ari eusten saiatu ginen arren, aurkarien hirugarren gola iritsi zen lehen zatia amaitzeko minutu gutxiren faltan.

Atsedenalditik bueltan, entrenatzaileen hitzek behar genuen bultzada eman ziguten eta lehen zatian baino hobeto aritu ginen. Arrisku aukerak eragin eta iritsiera gehiago izan genituen. Horrez gain, Harrik eta Garik bosteko jokoagatik egin zuten apustu eta erabaki horrek gol aukerak handitzea ahalbidetu zigun. Dena den, behin aurkariaren atera iritsita, ez genuen jaurtiketarekin asmatzen.

Partidako azken minutuetan ez ziren aldaketa gehiegi gertatu eta, beraz, markagailua 3 eta 0-ekoarekin mantendu zen azken txistua entzun genuen arte.

Lan egiten jarraitzeko ordua guretzat. Kontziente gara oraindik hobekuntza asko egin behar ditugula, batez ere, erasoan. Hortaz, gure ahultasunak landu eta defentsan indarra hartzen jarraitzea da gure asmoa. Gogor entrenatzen ari gara azken entrenamenduetan eta ziur gaude inplikazio, konpromiso eta lan guzti horrek, lehenago ala beranduago, bere emaitzak emango dizkigula.

Hurrengo asteari dagokionez, Sanpedrotarra taldea izango dugu aurrez aurre. Sailkapeneko bigarren postuan kokatzen bada ere, ez dugu gure gaitasunen inguruan zalantza egiten eta dena emango dugu hiru puntuak etxera ekartzen saiatzeko.

Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!