Aipatzekoa dut, aurtengo ligako mailara ohitzea kostatzen ari zaigula, garaipenak begi aurretik urrundu eta porrotak gertuago sentitzen baititugu. Baina ez dugu etsiko!
Partidari dagokionez, urduritasuna eta gogoa nabaria zen gure artean, garaipena gurea izatea beharrezkoa genuelako. Oraingoan, 16:30ean Berriozarren aurka jokatzen genuen Berazubin. Haiek gu baino goragoko postuan kokatzen ziren, eta horrek zeresana ematen zuen partidako konpetentzian. Jokozainak partidari hasiera eman, eta 11. minutuan, Maria Martijaren gol ikusgarriarekin aurre hartu genuen markagailuan. Hau horrela, lehenengo zatiari gogotsu ekin genion, markagailuan gora egin nahian. Nahiz eta atsedenaldia bitarte gol gehiagorik ez sartu, Imanolen hizketaldia jaso ondoren, bigarren zatian segituan aurrera egin genuen. 52. minutuan, Saioak bi eta hutsekoa lortu zuen. Jada, partida modu berezi batean dastatzen ari ginen, eta garaipena gureganatzeko gogoa nabaria zen. Hala ere, zapore gazi apur bat dastatzea tokatu zitzaigun, Berriozarrek partida 2-1ean ipini baitzuen. Partidari amaiera emateko ordea, nik 75. minutuan, hainbeste esperotako gola sartu nuen, markagailua 3-1 utziz.
Bestetik, gogoan hartzekoa dut lesionatuen behar handia sumatzen dugula. Guztiok batera jokoan ez aritzeak eragina du gutariko bakoitzarengan, eta zeresanik ez, taldearengan. Bihotzez animoak zuetako bakoitzari, eutsi gogor! Ahaztu gabe, talde guztiaren izenean Juneri pankarta bat egin genion, datorkion ebakuntzan ilusioz aurrera egiteko.
Orain, zubia tartean izanik, atsedenerako tartetxo bat dugu, pilak berriz betetzen joateko eta jarraian Oiartzunen aurka topera jolasteko.
Gogoan izan neskak, aurrera elkarrekin!