Inauterietako diru laguntzak arautuko ditu Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 4a, 11:58

Ordenantza berriak «inauterien izaera propioari» eustea du helburu; abenduan zaratari eta segurtasunari buruzko azterketaren emaitzak plazaratuko ditu udalak.

Joan den osteguneko osoko bilkuran, udalbatzak aho batez eman zion hasierako onarpena, inauterietako diru laguntzak eta antolaketa arautzeko ordenantza berriari. Testua bera udalbatzako alderdien arteko elkarlanetik sortu da, eta plenora helarazi aurretik herritarrei aurkezteko tartea ere hartu dute, bilkuran zehaztu zutenez.

Bi helburu nagusiri begira sortu dute araudi berria: batetik, inauterien bueltako diru laguntzak eskaintzeko prozedura zehatzagoak sortu nahi izan dituzte eta, bestetik, inauterien «izaera propioari» eutsi, eragile guztien jarduna babestu eta segurtasuna bermatu nahi dute, nolabait.

Horrela, diru laguntza eskatzen duten herritarrek zein dokumentazio eta datu aurkeztu beharko dituzten ere zehaztuko du ordenantzak, laguntza jasotzeko bete beharreko baldintza eta irizpideekin batera. Inauterien inguruan zeresan eta kezka handiena piztu ohi duten gaiak erdigunean jarri, eta horiei ordenantzaren bitartez erantzuna ematea da udalbatzaren nahia eta, bide horretan, diru laguntza jasoko duten talde eta herritarren betebeharrak ere zerrendatu egingo ditu testu arautzaileak: «Berdintasun irizpideak, alkohol kontsumoari dagozkionak, ordutegiaren ingurukoak, txarangekin loturikoak, ibilbideari buruzkoak eta musikaren bolumena arautzeko sortutakoak».

Ordenantza horren lehen pausoak inauterietako eragileekin partekatzeko, udalak bilera irekia egin zuen duela zenbait aste. Hitzordura espero baino herritar gutxiago bertaratu zela-eta, Aitzol Garcia EH Bilduko ordezkariak «kezka» azaldu zuen plenoan: «Arduratuta gaude, bilera irekiko parte hartzea oso eskasa izan zelako. Gure ustez, gobernuak neurriak hartu beharko lituzke parte hartzea sustatzeko».

Olatz Peon alkatea ados azaldu zen Garciaren iritziarekin, eta iazko balorazioan jasotako kezkei heldu zien. Izan ere, udala azterketa bat egiten ari da, inauterietako zarataren eta segurtasunaren inguruan, eta hilabete honeten bertan esku artean izango dituzte emaitzak. «Inauteriak umorea oinarri duten jaiak» direla baieztatuz, «errespetua» ere jai horren zutabeetan jarri zuen Peonek eta, bi faktore horiek uztartu ahal izateko, ezinbestekotzat jo zuen neurriak hartzea: «Abenduan jasoko ditugu azterketa horren emaitzak eta, horien arabera, inauterietako eragileekin elkarlanean adostu beharko ditugu hartu beharreko neurriak».

HAURREN, EMAKUMEEN ETA EUSKALDUNEN ESKUBIDEAK

Azaroaren 20ko Haurren Eskubideen Nazioarteko egunaren harira, Haurren Hiria proiektuko hiru parte hartzailek adierazpen instituzionala irakurri zuten plenoan. Besteak beste, beren eskubideen aldeko artikuluak zerrendatuosasun, hezkuntza, aisialdi, lan, bizitza pribatu, informazio, iritzi eta adierazpen askatasunari buruzkoak, eta ordezkari politikoei gogorarazi zieten haien egitekoa dela haurren eskubideak defendatzea.

Horren harira, Gaztematika proiektuaren sarera batzeko proposamena ere onartu zuen udalbatzak, haur eta gazteen sustapenerako politikak indartzeko.

Adierazpen instituzional gehiago ere izan ziren plenoan, eta indarkeria matxistaren aurkako testua eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adostutakoak ere hizpide izan ziren. Azken horri lotuta, 2020ko Euskaraldiari jarri zioten fokua, gizarte aktibazioari eta adostasunari deituz: «Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarpenaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna, bai baitakigu ez dela hizkuntza normalizaziorik, lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez badago».

Azkenik, Arkaute akademiaren eta udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartu zuen plenoak, aho batez, hutsik dauden lau udaltzain plaza betetzekohautaketa prozesurako. Alderdi guztiak ados azaldu ziren lankidetzarekin, eta EH Bilduk Udaltzaingoak «herri izaera» mantentzea eskatu zuen,

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!