Adingabeko bat bortxatzeagatik 9 urteko espetxe zigorra eskatuko du Fiskaltzak

Ataria 2019ko abenduaren 4a

Tolosan elkarretaratzea egin zen, "Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde" lelopean.

Gaur hasiko da Tolosako epaitegian epaiketa. Ustezko bortxaketa duela bi urte gertatu zen, Tolosako etxebizitza batean. 16 urteko neska batek 20 urteko gizonezko bat salatu zuen. 

Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, gertaerak 2017ko otsailean izan ziren; 03:30ean. Gizonezko akusatuak 20 urte zituen orduan, eta bere etxebizitzara joan zen 16 urteko neskarekin. Behin etxebizitzan, sexu harremanak edukitzen hasi ziren; neskak "hasiera batean" onartu zituen.  

Fiskaltzaren idatziak horrela jarraitzen du: Sexu harremana edukitzen ari zirela, neskak azaldu zion akusatuari ez zuela jarraitu nahi. "Gelditzeko" eskatu zion eta argi utzi zuen ez zuela jarraitu nahi. Auzipetuak "ez zion kasurik egin eta jarraitu egin zuen". Nerabea erasoa gelditzen saiatu zen, "indar fisikoa erabiliz", baina "ez zuen bere helburua lortu".

Ondoren, 16 urteko neska etxera joan zen eta bere amari kontatu zion gertatua. Egun horretan bertan, salaketa jarri zuen. 

Peritu txostenak dioenez, "prozesatuaren arrasto biologikoak" aurkitu zituzten adingabekoaren gorputzean.  

Fiskaltzaren esanetan, gertaera horiek bortxaketa delitua dira, eta horregatik, 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du ikertuarentzat; baita,  "biktimarekin harremanetan jartzea edo gerturatzea debekaturik izatea beste 19 urtetan". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!