Olentzaroren Basoa zabalduko dute berriz, Eguberrien bihotzera bidean

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 3a, 15:58
Ibon Artola, Mauro Marotias eta Eli Trojaola Zumardiako kideak, eta Joseba Ormazabal zinegotzia. (Argazkia: Tolosako Udala)

Iazko arrakastaren ondoren, Zumardia elkarteak hausnarketa prozesu bat izan du, eta proposamena berrituta zabalduko dute Olentzaroren Basoa.

Gabonen erdigunea bilakatu zen, iaz, Elosegi parkeko Olentzaroren Basoa, haur eta gaztetxoenen begietan. Zumardia elkarteak ibilbide magikoa prestatu zuen, Juan Kruz Igerabideren Eguberria ipuina oinarri hartu, eta neguko solstizioaren bueltako usadio eta ohiturak euskal mitologiarekin lotuz.  Horrela, bigarrenez bisitatu ahal izango da, aurten, baso miresgarria, abenduaren 16tik 23ra bitarte. 

Zumardia elkarteak Tolosako Udalaren laguntza izan du egitasmoan, eta Joseba Ormazabal gazteria saileko arduradunak eskerrak eman dizkio elkarteari: "Ezinbestekoa da haur, nerabe eta gazteen beharrei erantzuteko moduko jarduerak antolatzea".

Eta, behar horiei begira, Zumardiak barne hausnarketa sakon baten ondoren iragarri du aurtengo Olentzaroren Basoaren irekiera, "aspaldiko euskal usadioak, natura eta feminismoa ardatz hartuta". Basoak izango du protagonismoa, eta basoko elementu eta pertsonek; modu horretan, Olentzeroren pertsonifikaziotik aldendu nahi izan dute, eta urte sasoiaren garrantziari fokua jarri. Bide beretik, Olentzero eta Mari Domingi bikotearen irudia atzean uztea da Zumardia elkartearen helburua, Mari Domingiren bigarren planoko izaera, nahiz Olentzeroren eredu "infantilizatua" zalantzan jarriz. "Eguzkia, ura eta sua ezinbesteko izango dira Olentz-Aroa ospatzeko", eta horiek guztiak ipuin kontalariek eta aktoreek aurkeztuko dizkiete bisitariei.

Olentzero bera goratu beharrean, naturari berari egin nahi diote gorazarre eta, horrekin, Mariri; zaila dela badakiten arren, Gabon kontsumistetatik ahalik eta gehien aldentzea da epe luzerako beren buruari jarri dioten helburuetako bat.

Eguberriak bizi eta ikusteko modu hori bilduz, Juan Kruz Igerabidek Olentzaroren Basoa izeneko ipuintxo bat sortu du, Eguberria lanetik abiatuta; bisitari bakoitzari banatuko diote ipuina, opari.

Sarrerak eskuragarri

Abenduaren 5era bitarte sarrerak eskuratzeko aukera izango da, Tolosako Bidaiarien Txokoan, 17:00etatik 20:00etara, doan. Bisitak 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat izango dira, eta haur bakoitzarekin heldu batek joan ahal izango du. Data horien ondoren, hilaren 15era bitarte, www.zumardia.eus atarian izango dira sarrerak.

Aipatu dutenez, Zumardia elkarteak egunero bisita bat gorde du, Tolosako merkatariei, Txolarte zentroko kideei, adineko pertsonei nahiz euskara ikasten ari direnei begira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!