Kamioi baten gidaria atxilotu dute Tolosan, drogen eraginpean zirkulatzen ari zela leporatuta

Ataria 2019ko abenduaren 2a

Gidaria 20:15ean atxilotu zuten ertzainek, larunbatean. Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, hainbat gidarik ohartarazi zuten N-1 errepidean kamioi bat batetik bestera zebilela Etxegarate gainean. 

Auto ilarak sortzen ari zen kamioi bateko gidaria atxilotu zuen herenegun Ertzaintzak. "Inor ez zen kamioia aurreratzen saiatzen eta ilarak sortu ziren. Hainbat gidarik ohartarazi ziguten, eta Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko baliabideek Tolosan atzeman zuten kamioia".

Ertzainek ibilgailua geldiarazi eta gidaria identifikatu zuten, "eta alkoholaren edo drogen eraginpean egotearen sintoma argiak zituela" ikusi zuten. "Beharrezko testa egin ondoren, emaitzek egiaztatu zuten substantzia sorgorgarrien eraginpean zegoela, eta atxilotu egin zuten, beraz", azaldu dute Segurtasun Sailetik. "Kabina miatu zutenean, erabilitako hainbat xiringa eta koilara bat aurkitu zituzten agenteek, biak ere opiazeoen kontsumorako erabilitako objektuak. Horretaz gain, isuna jarri zioten baimendutakoak baino ordu gehiago zeramatzalako gidatzen".

Atxilotua, 29 urteko gizonezkoa da. Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten dagozkion polizia-eginbideak irekitzeko eta, ondoren, epailearen aurrera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!