Uda aurretik hizpide izan zen Tolosako Asuncion klinika, EAJk ospitalea egiteko beharraren aldeko jarrera publiko egin eta gero. Orduz gerozti, TOPA koordinakundea lanean jardun da, eta gaur irten dira kalera, estreinakoz, ikasturte berrian. Aldian-aldian elkartzen jarraitzeko asmoa iragarri dute, eta hilabeteotako jorratutakoa plazaratu: Asuncion klinikako profesional medikuei buruzko ikerketa egin dute.
Iaz jakitera eman zuten, klinikako hainbat profesionalek lanpostua utzi zutela, eta zentroan aldaketak gertatu zirela. Orain, Gipuzkoako Mediku Elkargoarekin informazioa berretsi eta gero, salaketa argia egin dute: Asuncion klinikako hainbat mediku beharrezko homologaziorik gabe ari dira lanean.
Nabarmendu dute, informazio hori guztia eskualdeko ordezkari politikoei helarazten ari direla asteotan eta, Tolosako, Aiztondo bailarako eta Andoaingo udaletara datuok eraman dituzten moduan, Ibarran eta Alegian gaiaz aritzekoak direla laster. Herritarrei begira, berriz, informazio batzarra eskainiko dute, datorren abenduaren 14an, 12:00etatik aurrera, Tolosako kultur etxean.
Gaur bertan, ikerketak emandako zenbait zenbaki zintzilikatu dituzte Tolosako Trianguloa plazan, besteak beste: Osakidetzan anestesian eta erreanimazioan aritzen diren espezialisten %100ek titulu homologatua duten bitartean, Asuncionen espezialisten %43k dute homologazioa. Halaber, TOPAren aldarri historikoetako bati ere egin diote tarte, eta "Osakidetzak Tolosaldearekin duen zor historikoa" gaitzetsi dute, 70 milioi euro exijituz.
2011ko urte hasieran borrokari ekin ziotenez geroztik, TOPAk ia bederatzi urte daramatza Tolosalderako osasun zerbitzu "duina" eskatuz, eta gainerako eskualdeetakoarekin parekatzea jomugan jarriz.