Duela hilabete inguru idatzi nuen bi emakumezko egon zirela abesbatza lehiaketako epaimahaian, inoiz baino emakumezko zuzendari gehiago pasa zirela taula gainetik eta, itxuraz behintzat, bide onean gindoazela. Baina aparra ur gainean nola, halaxe jaitsi da nire baikortasuna ere, nazioarteko ezohiko ikuspegitik herriko egunerokora itzulitakoan.
Ezin ukatu musikariz betetako herria dela Tolosa, eta izango dela hemendik aurrera ere, bizkarrean musika instrumentu bat hartuta ikusten diren haurrak horren erakusgarri badira. Eskolak gainezka daude ikaslez, berdin neskak eta mutilak, eta hori bera bakarrik albiste ona da. Baina zer gertatzen da eskolatik ateratzeko garaia iristen zaienean?
Bada, hortxe dator erreferenteen garrantziaz jabetzeko unea. Nahiz eta musikaren hainbat arlo klasikotan ohikoagoa den emakumeak ikustea, ezin dut ukatu urtero ariketa berbera egiten dudala Urte Berri eguneko kontzertua ikustean: Zenbat emakume ote daude aurtengoan orkestran? Inoiz ez ditut bi esku behar izan.
Eta zer esanik ez, agertoki modernoagoetara jotzen badugu. Zenbat dira emakumeak rock taldeetan askotan arrazoi estetikoengatik aukeratzen den abeslaria salbu-? Zenbat txarangetan? Horrelako erreferenterik gabe, neska gazteentzat oso zaila da esfera publikoan jotzera pasatzeko urratsa ematea eta, gainera, eragina dauka instrumentuen aukeraketan ere. Panpinak neskentzat eta kamioiak mutilentzat… Zeharkako flauta neskentzat eta tronpeta mutilentzat… Gitarra bai, neskentzat eta mutilentzat ere. Baina akustikoa neskentzat eta elektrikoa mutilentzat, badaezpada.
Ez dut esango etsita nagoenik, edo ezer hobetu ez dugunik. Baina ez gaitezen konformatu hain gutxirekin. Nik neure aletxoa jartzen jarraituko dut eta, nire apalean, ahal dudan guztietan aterako naiz soinua jotzera, begira gelditzen zaizkidan neskek jakin dezaten beraiek ere badutela tokia kalean.