Inauterietan ferialekua erabiltzeko epea, zabalik

Ataria 2019ko aza. 29a, 11:59

Udalak, astearteko osoko bilkuran, euskararen egunean antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du.

Abenduak 13 da azken eguna Inauterietarako plataforma egiteko Ferialekuan lekua eskatzeko. Eskaera egiteko derrigorrezkoa da konpartsa bat izatea eta plataformek gehienez, 2,5 metro zabal eta 7 metro luze izan beharko dute. Tolosako Udalak esan duenez, partzelak banatzerakoan Bellotan dauden eta Inauterietako Karrozak elkarteko kide diren konpartsek izango dute lehentasuna. Horiei esleituko zaie lehendabizi partzela, eta gainerakoak abenduaren 17an egingo duten zozketaren bidez esleituko dira. Esleipena lortzen duten konpartsek abenduaren 20tik aurrera jaso ahal izango dute giltza, kultur etxean, aurrez 150 euroko fidantza ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztuz. Ferialekua abenduaren 20tik martxoaren 13ra erabili ahal izango da, egunero, 08:00etatik 23:00etara. Udalak ohartarazi du martxoaren 16rako konpartsa guztiak Ferialekutik kanpo egon beharko dutela.

Konpartsek, hortaz, udaletxean egin beharko dute eskaera abenduak 13ko 14:15ak arte. Udaletxean edota www.tolosa.eus helbidean eskuratu daiteke izen emate orria eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren zerrenda. «Udalaren helburua konpartsen sorkuntza sustatzea eta erraztea da, eta hala, Tolosako Inauterietan konpartsa landuak aurkezteko aukera ematea», esan du.

Bestetik, Inauterietan salmenta postua jarri nahi dutenek abenduaren 2tik 20ra egin beharko dute eskaera udaletxean. Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa eta horien inguruko informazioa ere udaletxean bertan eskuratu ahal izango dituzte. Behin epea bukatuta, eskaera kopurua eskainitako postuak baino handiagoa bada, zozketa egingo dute salmenta mota edo produktu mota bakoitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!