Eskalatzaileen topagune izango da Oargi, beste behin

Ataria 2019ko aza. 29a, 19:57

Oargiko X. Boulder Txapelketa egingo da bihar elkarteko rokodromoan; haurren eta helduen lehiaketak izango dira.

Hamargarren urtera iritsi da Tolosako Oargi elkarteak antolatzen duen Boulder Txapelketa. Bihar egingo da, elkarteko rokodromoan, eta bi fase edo lehiaketa izango ditu: 10:00ak aldera hasiko da haurren txapelketa eta 16:00ak aldera hasiko da helduen txapelketa. Izena Oargin bertan eman behar da, eta epea ordu erdi lehenago zabalduko da. Haurrek, 4 eta 16 urte artekoek, ez dute ezer ordainduko eta helduek bost euro ordainduko dute. Mutil eta nesken artean ez da bereizketarik egiten txapelketan, Ugaitz Mozo antolakuntzako kideak azaldu duenez, «ez dago ezberdintasun handirik, eskaladan indar erlatiboa lantzen baita. Haurretan askotan izan dira neskak podiumetan».

Bai haurren txapelketan zein helduen txapelketan zazpi edo zortzi bide izango dituzte. Ondoen egiten duten bost eskalatzaileak finalera pasako dira. Finalean hiru edo lau bide izango dituzte. Iazkoan 50-60 parte hartzaile izan ziren haurren txapelketan eta 20 inguru izan ziren helduetan. «Parte hartzaileez gain, jende asko etortzen da eta giro ona izaten da», azaldu du Mozok. Gipuzkoa osotik etorri ohi dira eskalatzaileak.

Boulder txapelketa izanik, sokarik gabe aritzen dira parte hartzaileak. Sariei dagokionez, Mozok azaldu du hainbat dituztela, «batzuk nahiko potoloak, baina egunean bertan jakinaraziko ditugu».

Bestalde, eskalada praktikatzeko gogoa sortzen zaionari aukera du Oargi elkarteko bazkide egiteko eta bertako rokodromoa erabiltzeko. «Egunero goizeko 09:00etatik 22:00etara irekita egoten da. Bazkide izateko nahiko prezio herrikoiak ditugu, eta aukera dago nahi adina eskalatzeko, ordutegiaren barruan», esan du Mozok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!