Nekagarriak, kutsagarriak direlako. Nahikoa izaten da toxikoak diren pertsona bakan batzuk inguruan egotea, jendartea bera okertzeko.
«Logale naiz eta oraindik goizeko bederatziak dira. Gaur, gainera, ez dut siestarako denborarik. Berriro euria? Horrela ezin da asteburuko planik egin! Ederki, gaur ere ez dago motxila bere tokian, hau da hau gauzak tokiz mugitzeko mania…». Aldarte txarra eguraldiari leporatzea eta igandeak astelehen bezpera depresibo gisa bizitzea, edozeinentzako dira kaltegarri. «Non demontre aparkatuko dut? Kale osoa obretan dago eta! Hau marka, orain ere ilerarik geldoenean jarri naiz. Ara, beti bezala kontzertu osoko altuena nire aurrean jarri behar…».
Kexaren eta kritikaren pandemia erraz zabaltzen da, baina ez gaitzala gaitzak esku hutsik harrapa. Gure kexen kontziente izateko ariketa bat proposatu zidaten ikastaro batean: 24 ordu kexarik gabe egotea. Ariketa hau, finean, tresna bat besterik ez da norberaren ahotsa entzuteko.
Erraza dirudi, baina proposatzen duten adituek aldez aurretik abisatzen dute ez dela horren sinplea. Neronek asteak behar izan nituen taxuz bete ahal izateko. Kexatzera ohituta gaude, gure baitan daramagu, eta egun bat kontu txikiei jaramonik egin gabe igarotzea zaila da. Horren barneratuta daukagu, ezen askotan konturatu gabe kexatzen garela. Beraz, egun oso bat kexarik gabe egoteko ahaleginak gure ahotik irteten diren hitzen kontziente izatera behartzen gaitu.
Ariketak jarrera eraikitzailea bultzatu nahi du. Diotenez, gure ahotik irteten denaren kontziente bagara, gure pentsamenduak ezagutzeko gai izango gara. Ondorioz, pentsamenduak ezagututa, gure jokaerak aldatzeko aukera izango dugu. Horrela, sentimenduak eta ekintzak aldatzeko modua izango dugu. Hau da, helburua konponbideei indarra ematea da, kexaren beraren arrazoiari baino.
Zuen pentsamenduen jabe izan nahi baduzue, ariketa hau egiten saiatzea gomendatzen dizuet. Kexatzen jarraituko dugu, baina kontzienteki izan dadila, behintzat. Zorte on!