Su Ta Gar eta Bonberenea konponbide baten bila dabiltza

Ataria 2019ko azaroaren 28a

Eztabaida sortu da Bonberenean atzo gertatuarekin. Ilara luzeak sortu ziren sarrerak hartu nahian, baina aurreneko apurrentzat besterik ez zeuden. 

Abenduaren 13an Su Ta Gar-ek kontzertua eskainiko du Bonberenean. Atzo arratsaldean sarrerak saltzeko hitzordua jarria zegoen. Ilarak Tolosaldeko Ataria-ren ateraino iritsi ziren, baina sarrerak aurreneko apurrentzat bakarrik iritsi ziren. Horrek jendearen haserrea piztu zuen. Sare sozialetan sarrerak agorturik zeudela iragarri zuten ondoren. 

Hain justu, haserrea sare sozialetara zabaldu zen atzo iluntzean, eta bertan ilaran egondako hainbatek bere kexa agertu zuen. Su Ta Gar taldeak, gaur gertatuaren inguruko iritzia eman du Twitter-en: "Gu ere flipatzen gaude kontzertuaren sarreren kudeaketarekin. Konponbide bat bilatzen saiatuko gara eta informatuak mantenduko zaituztegu. Gure barkamen zintzoena bertaratu zinetenei". 

Tolosaldeko Ataria-k Bonberenearekin hitz egin du gaur. "Hanka sartzea egin dugu, eta ilarara gerturatu ziren guztiei barkamena eskatzen diegu. Ez genuen horrelako erantzunik espero eta kudeaketa ez da ona izan. Orain konponbide baten bila gabiltza, eta zerbait zehaztu bezain pronto zabalduko dugu".  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!