Hamargarrenez, entzuten ez dutenen ahotsa entzunaraziz

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 28a, 10:44

Abenduaren 6a eta 7a hartuko ditu, Nazioarteko Zeinu Hizkuntzako zine jaialdiak, Tolosan; urteurrena ospatzeko Rozalen abeslari espainiarrak kontzertua eskainiko du.

Gainditzen elkartearen urteroko jarduera izan ohi da, zeinu hizkuntzan egindako zinema jaialdia antolatzea. Aurtengoa, ordea, berezia izango da: hamargarren zinemaldia antolatu dute, eta pozez aurkeztu dute egitaraua, udaletxean.

Zinema jaialdiaren aurretik, gorren sentsibilizazio asteak egin ohi ditu atariko lanak, eta bide horretan 16 urte bete ditu elkarteak. Olatz Peon alkateak haien lana txalotu du: «Indar handia egiten dute pertsonen integrazioan, eta beren errealitatea gizarteratzen».

Bide horretan, zeinu hizkuntzak gizartean emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu Julian Rodriguez Gainditzeneko kideak, oraindik ere emateko dituzten pausoekin gogoratuz: «Azpitituluak eta interpreteak ohikoagoak dira telebistan, baina beti gai politikoen bueltako saioetan egiten dute eta, askotan, gauez».

Urteurrena da hitzordua egonkortu izanaren iragarle garbiena, eta antolatzaileek azpimarra jarri nahi izan diote Tolosako jaialdiaren erreferentzialtasunari: «Madrilgo eta Bartzelonako jaialdiekin batera, gurea erreferentzia da estatuan, Tolosa herri txikia izanik». Bide horretan, Rodriguezek iazko parte hartzaile kopurua gainditzea espero du, eta Topic zentrotik Leidor aretora egindako aldaketan, besaulki gehienak betetzea.

Izan ere, gai eta aldarri sozialak plazaratzeko gunea da zeinu hizkuntzako zinema jaialdia, Olatz Peonen ustez: «Filmek aldarri kutsua izaten dute, baina ez soilik gor komunitatearen beharrei begira; baita gizarteko kezkei begira ere, oro har».

142 FILM LABUR, 10 URTEAN

Azken hamar urteotan, Tolosako jaialdiak 142 film labur eskaini ditu; AEBetakoak gehienak, eta Alemania, Argentina nahiz Kolonbiakoak ere bai, zenbait.

Aurten lanak erakutsiz jarraituko dute, eta abenduaren 6ak lehiaketako proiekzioak hartuko ditu: La Furia(Espainia), Jackey(India), La luna roja(Espainia), Se valiente(Espainia), 140 palabras(Espainia), La otra mirada(Argentina), Augur(Katalunia), Cero y un dedo(Espainia), La sombra(Espainia), Cafe negro(Espainia), Hope(Erresuma Batua), Casa Alavedra(Katalunia), Eres tú(Espainia) eta Pare(Katalunia). Bigarren egunean, berriz, azken hamar urteotako film zenbait eskainiko dituzte.

Egitarauari nahiz sarrerei buruzko informazioa www.gainditzentolosa.com eta tickets.kutxabank.es webguneetan eskura daiteke jada eta, besteak beste, Rozalen abeslari espainiarrak abenduaren 7an eskainiko duen kontzertuari buruzko informazioa ere izango da bertan. Interpretearekin bertaratuko da, eta Gainditzen elkartea finantzatzeko baliatuko dute sarrerekin eskuratutako diru guztia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!