"Guztiok dugun elkar puntua erabakitzeko eskubidea da"

Leyre Carrasco 2019ko aza. 27a, 19:59

2020 urteko maiatza eta ekainera begira erreferendum bidez erabaki ahal izateko helburua duen sinadura bilketa jarri dute martxan.

2013. urtean sortu zen Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki erabakitzeko helburua duen mugimendu herritarra. Urte hauetan zehar, hainbat ekimen antolatu dituzte, eta datorren urteari begira, erreferenduma eskatzeko helburua duen eta «inoiz ikusi ez den sinadura bilketa masiboa» abiatuko du Gure Eskuk. Maiatza eta ekaina bitarte, herriz herri ahalik eta sinadura gehien biltzen ariko dira. Jone Amonarriz eta Beñat Sarasola, Tolosako Gure Eskuko kideek herritar mugimenduari buruz eta esku artean duten proiektu berriaren inguruan hitz egin dute.

Erreferendum baten eskaerak legitimitatea edukitzeko sinadura bilketa antolatuko duzue. Helmuga horretara iritsi ahal izateko jarraitu beharreko urratsak zeintzuk dira?

Beñat Sarasola.Datorren urteko maiatza eta ekaina bitarte sinadura bilketa indartsu bat egingo dugu. Horrelako ekimen garrantzitsu batek eskatzen dituen prestaketekin hasiak gara, eta pauso batzuk jarraitu beharko ditugu. Lehenik eta behin, batzarrak egingo ditugu herrietan, herritarrei zer egitera goazen jakinarazteko. Era berean, batzar horiek gure kideekin berriro ere biltzea izango dute helburu bezala. Hortik aurrera, maiatza etaekaina bitarte egingo den ekimen hori arrakastatsua izan dadin egin beharrekoak fintzen joango gara.

Jone Amonarriz.Beñatek aipatu moduan, lehen urratsa taldeak indartzea da, eta taldeak ez dauden tokietan sortzea. Behin Gure Eskuren talde horiek martxan direla, Elkargune deitu diegun espazioak sortuko ditugu. Izan ere, ekimen hau Gure Eskuk mahai gainean jarri duen ekimena den arren, herri erronka edo erronka kolektibo bat izatea nahi dugu. Elkargune deitu diegun espazioak sortuko ditugu, beraz, bai Euskal Herri mailan, baita herriz herri ere. Horietan, Gure Eskuko kideak bilduko gara, baina baita bestelako mota guztietako herritar eta eragileak ere, bai kultur arlokoak, arlo sindikalekoak, eragile sozialak, kirol elkarteak edota gastronomikoak, esaterako.

Zergatik?

J.A.Etapa berri honetan eta herri ekimen honekin jauzi bat eman nahi dugulako. Orain arte iritsi ez garen espazioetara iritsi asmo dugu, orain arte ezagutu ez dugun jendea ezagutu nahi dugu, eta bat egin batzen gaituen elkar puntu honetan. Beraz, lehenik Gure Eskuren taldeak osatu eta indartuko ditugu, eta bestetik, Elkargune horiek sortzen hasiko gara, horiek izango direlako sinadura bilketa hau eta mobilizazio aldia sustatzeaz arduratuko diren guneak.

Espainiak Kataluniako CDRekiko jarrera azaldu ondoren, nolako jokaera du Gure Eskurekiko?

B.S.Gure Eskuk bere ibilbidearekin jarraitzen du. 2013 urtetik ari da bere erronkak aurrera eramaten eta ez diogu gehiegi begiratzen Espainiak gurekiko duen jarrerari. Guk argi dugu gure ekimena duina dela, gure ekimena erabat legitimoa dela, eta gainera, gure gizartearen kohesiorako egiten ari garen lana behar beharrezkoa dugula ikusten dugu. Horretan sinisten dugu eta aurrera goaz. Azken urte hauetan, Espainiak argi eta garbi erakutsi du Kataluniarekiko duen ikuspuntua eta jokamoldea. Eta, ez soilik CDRekin. Oraintxe bertan Kataluniako politikagintzak harrabotsa du ariketa sinple bat egin izanagatik, hautetsontziak herritarren eskura jarri izanagatik, alegia. Hortik aurrera bakoitzak bere ondorioak aterako ditu, baina gureak horiek dira; argi dugu zein den gure bidea, zein den jarraitu beharreko ibilbidea eta horretan ari gara.

J.A.Espainiak jo puntuan jarri du erreferenduma, kriminalizatu egin du, beste oinarrizko eskubide batzuekin batera, eta kataluniarrei ez ezik, euskal herritarroi ere oztopoak jarriko dizkigutela bidean aurreikusten dugu. Izan ere, orain arte ikusi dugun jarrera hori indartzeko asmoa erakusten ari da. Guk, aldiz, erreferenduma, delitu ez izateaz gain, konponbidea dela, eskubide hori dugula eta erabiliko dugula aldarrikatzen jarraituko dugu. Beraz, herri ekimen honekin fokua Euskal Herrian jarri nahi dugu.Espainiatik datozen korronteek gure ibilbidea baldintzatzerik ez dugu nahi, eta ez dute baldintzatuko, aurrera jarraituko dugulako. Bestalde, Kataluniako herriak erakutsi du gehiengo sozial bat dagoela erreferendum bidez auzia bideratzearen alde eta Euskal Herrian ere ziur gaude horrela dela. Beraz, herri ekimen honekin erabakitzeko eskubidearekiko eta erreferendum bidez erabakitzearekiko euskal herritarren gehiengoaren babesa erakutsi nahi dugu.

Katalunian gertatzen ari denaren harira, badago aukerarik Euskal Herria eta Kataluniako bideak elkartzeko?

B.S.Eguneroko jarduna da, egunero gaude harremanetan Kataluniarekin. Bide berbera izan ez arren, helburu bera dugu. Azken batean, erreferenduma da gure helburua eta bide hori bateragarria da. Ez dakit prozesu berean izan behar duen ala ez, baina denok ildo berean jarraitzen dugunez, gure arteko komunikazioa egunerokoa da. Hainbat ekimen batera egin dira, eta horretan jarraituko dugu. Eta egia da bakoitzak bere ekimenak dituela, baina, etorkizun ikusiko da zer bide jarraitzen dugun.

Erreferendumaren planteamendua estatus politikoaz harago doala uste duzue?

J.A.Bai, noski. Erreferenduma tresna demokratiko gisa aldarrikatzen dugu. Gure Eskuk tresna hori gureganatu nahi du estatus politikoaren inguruan erabakitzeko, baina, era berean hizkuntza politiken inguruan erabaki nahi dugu, berdintasun politiken inguruan, pentsio sistemen inguruan eta beste hainbat alorren inguruan. Horrek gizartea heldutzen duela eta horrek benetako demokrazia bat dakarrela uste dugu. Era berean, eraiki nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko erabakiak guk hartu behar ditugu. Guztiok dugun elkar puntua erabakitzeko eskubidea dela ikusten dugu, eta erreferenduma da, horretarako tresna demokratikoa.

B.S.Horregatik, ekimen honen funtsa, nahiz eta Gure Eskutik abiatu, Elkarguneak sortu, prest dauden eragile guztiak bildu eta guztien artean ekimena aurrera eramatea ere bada.

Sinadura bilketaz gain, beste aurre proiekturen bat martxan duzue, giza kate bat, esaterako?

B.S.Momentuz ez, nahiko lan izango dugu, proiektua bera oso erronka handia izango dela aurreikusten baitugu. Hori bai, pentsatzen dugu lortuko dugun emaitza benetan ederra izango dela. Denbora asko eskatuko digu, isilpean edo atzetik egin beharreko lan handia, baina gero loratzen denean ikusgarria izango dela ere iruditzen zaigu. Horregatik oraingoz, aurreko urteetan ikustea ohituta gauden ekimen handi horietakorik ez dugu izango. Baina, pentsatu behar dena da aurrera eramatera goazen proiektua, inoiz egin den jarduera handiena izango dela.

J.A.Herri ekimenak sinadura bilketa izango du ardatz, baina aldi berean mobilizazio aldi bat ere izango da. Kutsu ahalduntzailea izango du, baina, baita mobilizatzailea ere eta horren berri pixkana antolatzen joan ahala emango dugu. Hori bai, herri ekimen honetan garrantzi berezia hartzen du sakoneko lanak, eta beharbada giza kate bat bezain ikusgarria ez da izango, baina epe luzera askoz ere indartsuagoa izango da. Gure aldetik esan nahi duguna da, Tolosan eta Tolosaldean lanketa horri ekitera goazela, eta ate guztiak zabalik daudela ahalik eta eragile eta herritar gehienak biltzeko.

Urte hauetan zehar hainbat ekimen antolatu dituzue.Nolako inbertsioa suposatzen du horrek?

B.S.Gure Eskuren finantziazioa urtez urte aldatzen joan da eta ekimen horiek finantziazio iturri nagusiak izaten dira. Ekimen horietan jendeak parte hartuz bat egiten du, baina, ekimena laguntzeko beste moduekin ere bai materialaren salmenta, kasu. Azken urteetan martxan jarritako Tripontziak ekimena ere hor dago. Zozketa bat da eta zozketa horrek urtean zehar ditugun gastu ezberdinei aurre egitea ahalbidetzen digu.

J.A.Gure Eskuk bazkidetza kanpaina ere martxan jarria du, eta 2.500 bazkide inguru ditugu dagoeneko. Gure Eskuren dinamika erabat autofinantzatua da, ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen, eta beraz, bazkidetzak edo bestelako ezinbestekoak dira egin nahi ditugun urrats horiek egin ahal izateko.

Nolakoa izan da Gure Eskuren eboluzioa taldearen sorreratik gaur egun arte?

J.A.Urtetik urtera moldatzen joan da. Argi dugu dinamika trinkoa baino, malgua dela. Dauden ekimenen arabera taldeak sendotuz doaz. Beste batzuetan kide gutxiago gaude baina guretzat garrantzitsuena, beti jarraibide bat ematea lortzen dugula da. Halako inflexio puntu bat datorrenean ilusio hori pizten da eta denen artean aurrera ateratzea lortzen dugu. Hori bai, guretzat orain lehentasuna taldea indartzea da, ahalik eta jende gehienen artean atera nahi dugulako erronka hau aurrera. Eskualdeko erronka da, eta herri galdeketan lortu genuen bozka kopurua sinaduretan gainditzea da asmoa, herritarren konpromisoan jauzi bat ematea, alegia. Horretarako, taldea ere garai haietan bezain sendo behar dugu eta ez daukagu zalantzarik datozen hilabeteetan indartzea lortuko dugula.

Urte hauetan guztietan egindakoaz zein da Gure Eskuren balantzea?

B.S.Esperientzia pertsonaletik abiatuta, oso emankorra izan da. Gu geu ere oso harro gaude bertan parte hartu izanaz eta era batera edo bestera antolatzen lagundu izanaz. Gure Eskuk eskualde mailan lortu dituen erronkak handiak izan dira. Aztertu besterik ez dago, 2014ean egin zen lehen giza katetik hasi eta zenbat jendek parte hartu duen urtero edo ia urtero egin diren ekimen erraldoi horietan. Tolosaldea mailan eta nazio mailan Gure Eskuk duen arrakasta eta oihartzuna gaur egun ere handia da.

J. A.Azkenean urte gutxitan lortu dugu Anjel Oiarbide Gure Eskuko aurreko bozeramaileak esaten zuen bezala lokatzetan zegoen gai bat agenda politikoaren erdigunera eramatea. Erabakitzeko eskubidea erdigunean dagoen gaia da gaur egun Euskal Herrian eta ikusten dugu babes hori urtetik urtera areagotzen ari dela, beraz, balantzea oso positiboa da. Aldi berean, aurrera jarraitu behar dugula eta urrats berriak egiteko momentua dela erakusten du. Ibilbide honetan herri galdeketek izan duten garrantzia azpimarratzea gustatzen zaigu, eta nabarmentzea etapa berri honetara ez genukeela jauzia emango herritarrei esker izango ez balitz, Gure Eskuren ibilbidean mugarririk garrantzitsuenak izan direla esango nuke.

2020 urte garrantzitsua izango da Gure Eskurentzat?

B.S.Zalantzarik gabe. Urtez urte olatua elikatzen goazela uste dut eta pixkana hasi zen mugimendua, gaur egun ikaragarrizko olatu bilakatzen ari da. Batetik, olatu hori kudeatzeko prest gaude, eta era berean ikusten dugu 2020ean lortu nahi duguna, sinadura bilketa hori oso oso garrantzitsua izango da. Gure indar guztiak metatu beharko ditugu eta horrek etorkizuna asko markatuko duela ikusten dugu.

J.A.2020 urtea mugarri izango da eta epe luzera begira egiten ari garen lanketa honen lehen hazia jarriko dugu nolabait esateko. Argi daukaguna da geroz eta eraginkorragoak izan nahiko dugula, eta herritarrok aurrera egingo dugula gertatzen dena gertatzen dela. Gure erronka da euskal herritarren gehiengo hori islatuta geratzea 2020an jasoko ditugun sinadura horietan, Euskal Herriko erakundeetan entregatuko ditugun sinadura horietan eta gero erabakiko dugu sinadurek uzten diguten ondare horrekin zer bide hartuko dugun. Baina bai, esan bezala mugarri izango da eta epe luzeko begiradarekin lan egiten hasiko gara 2020 urteari begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!