Tolosako hamar saltokitatik bederatzi euskaldunak dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 27a, 11:58

2019ko merkealdi kanpainetan euskarazko materialak eta afixek «nabarmen» egin dute gora, Tolosan; Galtzaundik merkatarien jarrera aktiboa eta motibazioa azpimarratu ditu.

Galtzaundi Euskara Taldeak lanketa bati ekin zion, 2017ko udazkenean, Tolosa&Co elkarteko eta Zerbitzu elkarteko bazkideen artean euskararen erabilera sustatzeko. Besteak beste, hirugarren sektoreak Tolosan duen garrantziari tiraka ekin zioten egitasmoari, eta aurten Tolosa&Co elkarteko kide ez diren saltokietara ere zabaldu dute proiektua. Horrela, ondorioztatu dute Tolosako hamar saltokitatik bederatzi euskaldunak direla.

Uemak, Tolosako Udalak eta Tolosa&Co elkarteak elkarlanean jardun dute Galtzaundirekin, eta, Tolosa&Coz aparteko komertzioak ere planean txertatuta, euskara elkarteko teknikariek 437 saltoki bisitatu dituzte, guztira: «Euskaldunentzat egoera oso aproposa dela erakutsi dute datuek, izan ere, saltokietako langileen %88k ulertzen dute euskara».

Areago, datu hori Tolosako eta Tolosaldeko ezagutza datuekin alderatuz gero, batez bestekotik gora dago hirugarren sektorea, izan ere, tolosarren %82k eta Tolosaldeko herritarren %84k ulertzen dute euskara.

HIZTEGIAK ETA AFIXAK

2019ari begira, hirugarren sektorea euskalduntzeko egitasmorako hiru lan ildo nagusi prestatu zituzten Galtzaundik, Uemak, Tolosa&Co elkarteak eta Tolosako Udalak eta, azaldu dutenez, emaitza «oso positiboak» eman ditu.

Batetik, arlokako hamalau hiztegi labur sortu dituzte, eta saltokien eskura jarri; tartean, altzari dendei, arrandegiei nahiz moda dendei begirako hiztegi bereziak. Bada, saltokien %62k baliatu dituzte hiztegi espezializatuok.

Era berean, 2019an barrena «nabarmen» igo da udalak, Uemak eta Galtzaundik saltokientzat eskaintzen dituzten hizkuntza zerbitzuen erabilera. Euskalduntzea jomugan, aholkularitza, diru laguntzak nahiz itzulpenak jarri ohi dituzte hirugarren sektoreko langileen eskura, eta komertzioen %68k material edo laguntza eskaeraren bat egin du aurten.

Azkenik, joan den urtarrileko eta uztaileko merkealdi garaian, euskarazko material askoz ere gehiago baliatu eta erakutsi dute Tolosako saltokiek, Galtzaundik hala banatuta. «2018ko eskaera kopuruaren aldean, aurten %50 igo da euskarazko materialaren erabilera, eta kanpaina horietan parte hartu duten komertzioen %74k egin du euskarazko afixen eskaera».

Saltokiak euskalduntzeko egitasmoek emandako fruituak plazaratzearekin batera, parte hartzaileek merkatarien jarrera aktiboa eta motibazioa azpimarratu nahi izan dituzte, aldaketarako bidea irekiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!