German Ormazabal tolosarra izango da Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari nagusi berria

Ataria 2019ko azaroaren 26a

Eitb.eus-ek zabaldu duenez, datorren urtarrilean ekingo dio zeregin berriari tolosarrak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia izan zen hamar urtez.

German Ormazabal musikari eta enpresa kudeatzaile tolosarra izango da Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren (EGO) zuzendari nagusi berria. Ormazabalek datorren urtarrilean ekingo dio zeregin berriari, baina Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak astearte honetan eman du horren berri, behin zuzendari nagusia izendatzeko hautaketa prozesua amaituta.

Eusko Jaurlaritzak joan den udan hasi zuen EGOren zuzendari nagusi bat izendatzeko hautaketa prozesua. Orain arte talde kudeatzaile baten bidez zuzendu da EGO, eta erabaki horren bitartez "bultzada berri bat" eman nahi diote proiektuari. EGOren xedeen artean daude musikari gazteen prestakuntza babestea, musikaren balioak sustatzea eta ikastaroak zein biltzarra antolatzea.

German Ormazabalek Tolosa jaioterrian hasi zituen musika ikasketak, eta piano eta akordeoi goi mailako ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Era berean, Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta enpresa kudeaketan prestakuntza zabala jaso du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia izan zen hamar urtez (1996-2005). Enpresa kudeaketari lotuta egon da azken 14 urteetan, hasieran Ikusiko zuzendari nagusi gisa eta, gero, Velatia familia taldeko Giza Kapitalaren eta Presidentetza Kabinetearen zuzendari nagusi gisa.

Pianista modura bakarkako errezitaldiak eskaini ditu eta, bere kolaborazioen artean, besteak beste, Ainhoa Arteta, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Xabier Zabala, Andoni Egaña edota Xabier Lizasorekin egindakoak nabarmen daitezke.

Egun, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin proiektu iraunkor bat du esku artean, bai eta Juan Laboreria baritono eta Maria Martin soprano gazteekin ere. Bestalde, beste proiektu bat du lankidetzan Xabier Lizaso pianistarekin eta Andoni Egaña bertsolarirekin, eta laster, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin zenbait errezitaldi eskainiko ditu.

Iturria: eitb.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!