Alondegi plazari estalpea jartzeko lanak hasiko dituzte aste honetan

Ataria 2019ko azaroaren 26a

Bi astez ariko dira lanean; estalkiak egitura arina izango du eta poliesterreko materialarekin estaliko dute.

Tolosako Udalak jakinarazi duenez aste honetan bertan hasiko dira Alondegi plazako estalpea jartzen, eta bi astez luzatuko dira lanak. Helburu nagusia da herritarrei eremu estali berria eskaintzea eta bereziki, jarduera ezberdinak egiteko aukera herriko eremu ezberdinetara zabaltzea, erdiguneko merkataritza eta ostalaritza indartzeko. Alde Zaharreko Zerkausia eta Berdura plazako eremu estaliez gain, erdigunean ere jarduerak gauzatu ahal izateko aukera ematea da helburua.

Estalkiak egitura arina izango du, bi arku eta zutabek eutsiko diote egiturari, eta oinarrian hormigoizko banku edo loreontziak jarriko dituzte. Poliesterreko materialarekin estaliko dute 335 metro karratuko eremua.

Obren gastua 198.137 euro + BEZ izango da, eta Arquitectura Textil enpresa arduratuko da lanak egiteaz. Proiektuak merkataritza biziberritzea helburu duenez, Hirigune proiektuaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren diru lagutnza jasoko du udalak, eta beraz, lanen %70 Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Olatz Peon alkateak esan du Tolosa herri bizia dela eta kalean antolatzen diren jarduerak egiteko karpak beharrezkoak izaten direla, «beraz, espazio berri honekin leku finkoa izango dugu», gaineratu du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!