Justina Aguerre Gogorza (Argentina, 1987) munduko geografian, egoera konplikatua sufritzen duten lurraldeetan, emakumeen erditzea ahalik eta seguruena izaten saiatzen da. Esperientziak pilatzen dituen bitartean, tarteka Donostiako ospitalean eta Gipuzkoako osasun zentroetan lan egitea egokitzen zaio.
Ginekologia ikasketak amaitu eta GKEekin hasi zinen lanean. Buruan zeneukan ideia al zen?
Erresidentzia Donostian egin nuen eta kanpoan lan egiteko ideia buruan nerabilkien aspaldian. Toki ezberdinetan lan egin, kultura ezberdinak ezagutu… Etiopiako ospitale batean egin nuen lehen aldiz lana GKEekin, ama berrien atalean eta horrela hasi eta beste hainbat tokitan ibili naiz ginekologo gisa.
Adibidez?
Etiopian bertan proiektu ezberdinetan ibili nintzen, hasieran Sudan Hegoaldeko muga ondoko errefuxiatu kanpalekuetan eta gero Somaliako mugan. Bi eskualde oso-oso ezberdinak dira bata bestearekiko. Gero, Yemenen, Sierra Leonan, Iraken eta azken boladan Kongon ibili naiz lanean.
Nolako errealitateekin aurkitzen zara?
Errealitate oso konplikatuekin topatzen naiz. Emergentzia egoeratan dauden lekuetara bideratzen bainaute, errefuxiatu kanpalekuak, gerran dauden lekuak… Herrialdeak ez dira bat, herrialdean bertan errealitate ezberdinak izaten dira. Nik lan egin nuen Etiopia ez da herrialde osoaren isla. Nik egoera konkretu batean, laguntza gehien behar duten ospitale konkretu batzuetan egiten dut lan.
Ospitale hauetan erditze prozesua nolakoa izaten da?
Zailtasunez betea, haurdunaldian zehar egiten diren kontrolak oso urriak dira, ospitalera iristeko bideak ere zailtasunez beteak izaten dira askotan, ospitaleak urrun daudelako, bideak urak eraman dituelako, gerrak zubiak suntsitu dituelako. Anbulatorioetan erditze normala izaten dute emakumeek eta konplikazioak sortzen direnean ospitalera bideratzen dituzte eta hemen hasten da nire lana. Gauzak itsusitzen direnean, odol beharra, ipurdiz datozen umeak, ebakuntzaren bat behar duten amak.
Zailtasunak zailtasunaren gainean…
Egoera oso konplikatuak izaten dira, argindarrik gabeko tokietan lan egitea egokitu zaigu askotan: oxigenoa bai baina entxufatzeko indarrik ez edo generadoreak ordu batzuetan soilik funtzionatzen du. Ebakuntza-gelan gertatu izan zaigu ebakuntzaren erdian, argindarrik gabe geratzea eta ebakuntza mugikorraren linternarekin edo kopeteko argiarekin amaitu behar izatea. Kopeteko argia poltsikoan eraman beharra izaten dugu beti.
Tokian tokiko mediku, erizain eta emaginek ere ez dute lan makala izango.
Gabezi material eta egoera delikatuetan lan egiteko sekulako abilezia daukate. Emaginak eta erizainak haurdunaldi normalak kontrolatzeko gai dira, egoera konplikatzean behar dute zirujauen laguntza, baina askotan esperientziak berak erakutsi die egoera konplikatua aurrera ateratzen.
Haurdunaldian zehar edo ondoren, munduan hiltzen diren emakumeen zifra beldurgarria da zenbait tokitan.
Sierra Leona da egoera zailena bizi duen herrialdea, urtean 1.400-1.500 emakume inguru hiltzen baitira, 100.000 emakumeren haurdunaldian. Gipuzkoako datuetara etorriz, 6.400 erditze inguru izaten dira urtean zehar eta heriotza 100.000 emakumezkorekin alderatuz bostekoa litzateke. Honek esan nahi du hiru urtez behin gertatzen dela emakume baten heriotza. Gipuzkoa, Sierra Leonako eskualde batekin alderatuko bagenu, urtean 88 emakume hilko lirateke. Errealitate guztiz ezberdinak.
Zein da heriotza hauen arrazoia?
Gure ikuspuntutik arrazoiak oso sinpleak izaten dira, baina han zaudenean errealitatea oso ezberdina da. Ez baita kontua soilik ospitaleak eraikitzea, analisiak zabalagoa behar du izan eta faktore ezberdinak aztertzen ditugu. Batetik, emakumea noiz konturatu den laguntza behar duela, honek hezkuntzarekin du zerikusia, zer ikasi duen inguruan, kulturan.
Bestea, emakumeak laguntza behar duela konturatu denetik ospitalera iristeko zenbat denbora behar duen eta hemen testuinguru oso zailak daude. Agian ez dago bide egokirik, garraiorik, gerra tokietan zubiak deuseztatu dituzte. Testuinguru zehatz batzuetan, bizpahiru egun behar izaten dituzte ospitalera iristeko.
Aztertzen den hirugarren faktorea, ospitalean bertan zelako osasun kalitatea eskaintzen den. Medikazioak badauden, ebakuntza-gelak dauden, infekzio kontrol araudia jarraitzen ote duten. Askotan arazo oso sinpleak gertatzen dira, baina ezinbestekoak, urik ez egotea adibidez, honek infekzio kontrola egitea asko zailtzen du.
Emakumeen hezkuntza aipatu duzu.
Hezkuntza maila ezinbestekoa da emakumeen osasunean eta gabezia badago landu beharrekoa da. GKEen programak zabalak direnean, osasunerako hezkuntza izeneko proiektuak aplikatzen dira. Proiektu hauetan, emakumeei ospitaleetan erditzearen onurak azaltzen zaizkie, edo osasun arazoak detektatzen erakusten zaie eta ospitalera joan behar dutela azaldu…
Hezkuntza lanetan aritzen diren teknikariak taldean edukitzea oso garrantzitsua izaten da, hauek, proiektua aurrera eramaten den tokiko beharrak eta gabeziak detektatzen dituzte: emakumeak ospitalean ez erditzearen arrazoiak eta zergati horiek hezkuntzaren bidez landu eta bideratzen dira.
Afrikaz eta emakumeen osasunaz ari bagara, mutilazio genitala aipatu gabe ezin utzi.
Oso gauza kulturala da eta oso barneratua dago zenbait tribu edota zonaldetan –honek ez du esan nahi Afrika osoan egiten denik– . Mutilazio gradu ezberdinak daude, batzuetan ezpain txikiak mozten zaizkie edo mutilazio garrantzitsuagoak, klitoria kendu edo ezpainak moztu eta ixtea da.
Mutilazio hauek konplikazioak sortzen dituzte haurdunaldian zehar edo sexu harremanetan. Arazo bat da dudarik gabe, hori argi daukat, baina arazoak sokamutur asko ditu eta hor sakondu behar da. Erabat deuseztatzea epe motzean oso zaila da. Poliki-poliki etorriko da aldaketa. Emakume batzuk oso barneratua dute, mutilatu beharra dutela. Beste batzuk ordea, jasandakoaren kontra daude eta aldaketa hortik etor daiteke.
Gurean, mendebaldean berriz, ninfoplastia ebakuntzak egiten dituzte emakumeek.
Badira ninfoplastia kasuak bai, ezpain txikiak mozten dituzte emakumeek. Operazio estetiko bat da, alua politagoa izateko. Ebakuntza bat, mutilazioa kontsideratu daitekeena. Hori gure kulturan onartua dago, egia da emakumearen aukera dela egitea, baina kulturak eta estetikak bultzatzen du ebakuntza burutzera. Ez ditut nik honekin Afrikako mutilazioak defenditu nahi. Baina beste kultura batean gaudenean, sakondu egin behar da gauzen zergatia ulertzeko.
Eduardo Galeanok aipatu zuen «jende txiki ugari, leku txiki ugaritan, mundua aldatu dezaketen gauza txiki ugari egiten». GKEen lana munduan nola ikusten duzu?
Nik emergentzietan egiten dut lan, momentu konkretu batean herrialdeak behar bat duenean eta egoerari bakarrik aurre egin ezin dionean; gerra delako, desastre natural bat, ebolaren eraginak direlako…
Gure lana partxe bat jartzearen modukoa da, momentukoa. Soluzioa ez gara gu eta herrialdeak gu gabe atera behar dira aurrera, tokian tokiko jendeak erabaki behar du herrialde hori nola atera aurrera, guri ez dagokigu hori. Gure lana oso puntuala da, momentu konkretu batean, larritasun egoeran dauden lekuetan, laguntza ematen diogu laguntza behar duenari.
Esperientzia hauen ostean Justina berri bat etortzen al da bueltan?
Neurri batean bai noski, burua asko irekitzen zaizu, ikuspuntu ezberdinak ulertzen ikasten duzu, erlatibizatzen. Egia da itzultzean bi mundu ezberdinekin aurkitzen naizela baina leku bakoitzean lekuko arazoei egin behar zaie aurre.
Gipuzkoa multikultural honetan ere, emakume etorkinak paziente dituzu.
Etorkinez inguratuta gaude, ni neu ere etorkina naiz! Donostiako ospitalean eta anbulatorioetan aritzen naiz lanean eta egunerokoan emakume etorkinekin lan egitea dagokit; marokoarrak, sahararrak, senegaldarrak, nigeriarrak, noizean behin Ekialde Hurbileko jendea, txinatarrak, errumaniarrak. Esperientziak, emakume hauek hobeto ulertzen laguntzen dit, nondik datozen eta zein kultura duten jakinda.
Zein gomendio emango zenioke, ikasketak amaitu berri dituen eta kanpoan lan egin nahi duen gazte horri?
Ez itxaroteko, kanpora joateko. Gogoa badute joan daitezela berehala, hemen geratuz gero denbora azkar pasatzen da. Jende gehiago topatu dut joateko gogoa zuena eta joan ez dena, joan dena baino.