Espainiako gobernu berrirako «aurreakordioa»

Azaroak 10eko hauteskundeen emaitzen emaitza guztiak ez ditugu oraindik ezagutzen. Hau da, Kongresuko eta Senatuko aulkiak nola banatu diren argi dago eta, beraz, nolako legealdia izango dugun. 

Baina Gobernua falta da. Ondo begiratuta, ez litzateke horren larria izan behar: azken finean, teorian behintzat, Gobernua botere legegilepean dago, baina denok dakigu praktikan ez dela erabat horrela.

Bada, Gobernua noiz eta, batez ere, nola osatuko den zain gaude. Dagoeneko badakigu ahalegin berezia egiten ari direla Sanchez eta Iglesias eta bigarren saialdia dela aurten. Lehena ezertan bukatu zen. Oraingoan, badirudi serioago dela. Baina, itun honek baditu bere zailtasunak eta bere alde ilunak.

Alde batetik, ituna bera iluna da. Bai, iluna: aurreakordioa «besterik» ez da, baina, halere, oso zabala eta zehaztugabea da, hamar puntu oso orokor finkatzen ditu. Abiapuntua izateko ere lausoegia, nire iritziz, gaiak izendatu apenas ez direlako egiten eta horietako batzuk era batera edo bestera garatzea posible izango delako. Adibidez, lan arloan, «hazkundea sendotzea eta enplegua sortzea» da lehen puntua eta bertan zera esaten da: «Lan merkatuaren prekarietatearen aurka egingo dutela eta lan duina, egonkorra eta kalitatezkoa bermatuko dela». Egia esan, ez da gutxi, baina ezta asko ere, azaltzen ez bada hori guztia nola lortuko den eta zer gertatuko den orain arteko lan legediarekin.

Kataluniari buruz, zer esan? Aipatzen da «elkarbizitza bermatuko dela» eta, labur esanda, horretarako «elkarrizketa sustatuko dela… beti Konstituzioaren barruan» eta «autonomien Estatua indartuko dela». Bada, ituna sinatu eta handik ordu batzuetara, Sanchez berak «arazo politikoa» aipatu zuen, ERCrekin akordioa erraztu nahian.

Nahikorik izango al da itun hau beste alderdien babesa lortzeko? Nork daki! Nik behintzat ez, baina ez dirudi erraza. Azken inbestiduretan gertatzen ari den moduan, honetan ere, alderdi txikiak Estatu mailan erabakigarriak dira. Tartean, EAJ, EHBildu, ERC eta JxCat. Eta, beraien artean, azken hiru hauen babesa da kolokan dagoena EAJrena segurutzat ematen da eta-. Baina ez besteena, inolaz ere. Itun horretan eta PSOEren asmotan azaltzen dena benetan nahikoa izango al da ERCren sostengua lortzeko? Ez al da ezer ikasi? Bigarren aukera da planteamendu berria egiteko: ez bakarrik nola lortuko den gehiengo egonkorra Gobernua sostengatzeko, baizik eta nola lortu arrazoizko harremanak alderdi eta ideia desberdinen artean eta nola erantzun herritar askoren planteamendu eta eskaera demokratikoei. Honekiko kezkatzeko modukoa da negoziazioak PSOEren esku egotea eta Unidas Podemosek, orain arte, parte hartu ez izana.

Bestalde, itun iluna da nortzuk sinatu duten ez dagoelako batere garbi. Itunak dio PSOEk eta Unidas Podemosek lortu dutela, baina ez da horrela izan. Bi alderdi horiek oraindik ez dute baietza eman eta hori ez da gertatuko beraien militanteek horrela adierazi arte. Egia esan, oso prozedura «bitxia» da bi alderdi horien idazkari nagusien akordioarekin hastea, babes bila ibili izatea eta gero militantziaren hau da, alderdien babesa lortzea. Eta, deskuidu batean, militanteek ezetza esango balute? Edo ezingo dute ezetzik eman? Ez dakit, baina hau «barne demokrazia»-tik urrun samar ikusten dut.

Halere, ba al dago alternatibarik? Hauteskundeen emaitzek beste aukerarik ematen al diote ezkerrari? Ez dut besterik ikusten eta, horrexegatik, «aurreakordio» horrek poztu nau. Baina, erabateko pozarik ez dagoenez honetan ere ez -, nire kezkak azaldu ditut eta, egia esan, lasaitu ederra hartu dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!