Titirijaia, urteurrenarekin bat

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 22a, 11:58

37. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia izango da aurtengoa eta heldu nahiz haurrentzat eskaintza zabala antolatu dute.

Topic zentroak hamargarren urteurrena beteko du aurten. Idoia Otaegi zuzendariarentzat «amets bat» da urteurrenera iristea. Hala baieztatu zuen, 37. Titirijai aurkezteko Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan egindako agerraldian. Bihar hasi, eta datorren abenduaren 1era bitarte mota guztietako txotxongiloek hartuko dute Tolosa.

Agerraldian parte hartu zutenek gauza bera errepikatu zuten: Topic, eta baita Titirijai ere, erreferente direla nazioarte mailan. Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendariak esan zuenez, «badago Topic bat, Topic-etik kanpo gertatzen dena».

37. Titirijai izango da aurtengoa eta, urteotan guztiotan egindako lanari jarraipena emango diote Tolosako oholtza eta plazetan. Aurten ere nazioarte mailako hainbat ikuskizun eskainiko ditu Titirijaik, haur, gaztetxo nahiz helduentzat eta, betiko moduan, inguruko zenbait herritara ere zabalduko du egitarauaren zatitxo bat: Eibar, Pasaia, Ordizia, Sestao eta Donostiako Kutxa Kultur espazioa.

Adin tarte guztientzat

Azken urteetan, indartzen ari da helduentzako txotxongilo ikuskizunen eskaintza; aurten, iaz bezala, bost saio izango dituzte ikusgai, eta horien ostean solasaldiak egingo dituzte.

Ikastetxeentzako saioek ohiko tartea izango dute egitarauan. Eta, gainerakoan, haurrek Topic eta Leidor aretoekin batera, kalea izango dute txotxongiloez gozatzeko. Maria San Sebastianek azaldu zuen bi parke jarriko dituztela Tolosako kaleetan: bata Zerkausian eta, bestea, Euskal Herria plazan. Zerkausikoan, Taun Taun konpainia izango da estreinakoz, eta Galiot Teatrek antolatuko du Euskal Herria plazako parkea; jolasteaz gain, txotxongiloak sortzeko aukera izango dela aurreratu zuen.

Agerraldia amaitzeko, Herrikide ikastetxeko aurrek Topic-en hamargarren urteurrena ospatzeko sortu duten abestia kantatu zuten, txotxongiloen laguntzaz.

EGITARAUA

FAMILIENTZAT

Azaroak 23.Aleteo.Katua & Galea (Salamanca), Topic-en, 19:30ean.

Azaroak 24. Circus Funestus, Sofie Krog (Danimarka), Topic-en, 18:30ean.

Azaroak 30. Oilar bat dago zure teilatuan, Titiriguiri (Madrid), Leidorren, 17:00etan.

Azaroak 30. Chorpatelicos, Titiriteros de Binefar (Zaragoza), Topic-en, 18:30ean.

Abenduak 1. Piccoli Circo de hilo, Antonella D'Ascenzi (Italia), Leidorren, 17:00etan.

Abenduak 1. Erreka Mari, Txotxongilo taldea (Euskal Herria), Topic-en, 18:30ean.

HELDUENTZAT

Azaroak 25.La mano con moscas, Tro Heol (Frantzia), Topic-en, 22:00etan.

Azaroak 26. Cain de Saramago, Teatro Arbole (Zaragoza), Topic-en, 22:00etan.

Azaroak 27. Hubo, El Patio (Logroño), Topic-en, 22:00etan.

Azaroak 28. Alicia y las ciudades invisibles, Onirixa Mecanica (Murtzia), Topic-en, 22:00etan.

Azaroak 29. Vida, Javier Aranda (Zaragoza), Topicen, 22:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!