Nahiz eta oraindik lesioekin gora eta behera ibili, bagenekien aste honetako partida aurrera atera behar genuela eta aurreko asteetako zapore gazi-gozo horiek kendu behar genituela. Horretarako, gogor entrenatu genuen aste osoan zehar eta sentsazio onekin iritsi ginen Berazubira. Hala ere, bagenekien aurkari gogorra eta indartsua izango genuela parean, Bizkerre sailkapenaren goialdean baitago.
Partida nahiko txukun hasi genuen, hasieratik entxufatuta atera ginen eta momentu askotan nagusi izan ginen. 0-0ko markagailuarekin iritsi ginen atsedenaldira. Eguraldia ez zen atsegina, baina gogotsu atera ginen berriro zelaira bigarren zatiari aurre egiteko. Bigarren zatia hasi eta gutxira beraien lehen gola iritsi zen. Momentu horretan taldeak pixka bat behera egin zuen, baina oraindik partidari buelta emateko denbora genuen. Zoritxarrez, taldea gogor zebilen momentuan beraien bigarren gola iritsi zen penalti baten bitartez. Badakigu maila honetan opariak gol bihurtzen direla, baina horretaz ikasi eta aurre egin behar diogu.
Aste honetan beste aukera bat dugu, Aurrera Vitoriaren aurka izango baitugu partida larunbatean, 15:30ean, Gasteizen. Aupa neskak, aste honetan bai!