Proiektu estrategikoak lantzera bideratu nahi dute aurrekontua

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 21a, 11:58

Tolosako udal gobernuak proiektu estrategikoak gauzatu eta berrien oinarriak lantzera bideratu nahi ditu inbertsio nagusiak 2020ko aurrekontuan.

Abenduko osoko bilkuran onartu asmo du Tolosako Udalak 2020ko aurrekontua. Udal gobernuak proposamena egin du eta dagoeneko aurkeztu dio oposizioari. «Borondate osoa dugu elkarlanean aritu eta beren proposamenekin gure aurrekontu proiektua osatzeko eta aberasteko», esan du Olatz Peon alkateak.

Egunotan eman du udal gobernu taldeak 2019-2023 Legealdiarekin Kudeaketa Planaren berri eta 2020ko aurrekontu proposamenean bertan jasotako proiektu estrategikoak hartuko dituzte oinarri. «Inbertsio nagusiak proiektu horiek gauzatzera eta legealdian zehar aurrera eraman nahi diren egitasmo berrien oinarriak lantzera bideratuko ditugu».

Proiektu zehatzak izendatu aurretik alkateak nabarmendu du gizarte babesa bermatu eta tokiko ekonomia sustatzea «lehentasunezkoak» izango direla legealdi honetan, «tolosarren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa delako». Horregatik 2020ko aurrekontuan gizarte zerbitzuetara bideratutako diru saila %8,7 igotzea proposatu du udal gobernuak, besteak beste, familia esku-hartzea indartzeko eta behar berriei erantzuteko.

Gizarte bazterketa ekiditeko, berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko eta gazteei emantzipatzeko aukera emateko azpiegiturak indartzeko proposamena egin dute EAJk eta PSE-EEk. Abegi zentroan gaueko zein eguneko zerbitzua eskaintzeko eta arreta profesionalizatzeko obrak egingo dira, alde batetik; Bestetik, Emakumeen Etxearen lehen fasea eraikitzeari ekingo zaio; Eta amaitzeko, etxebizitza alorrean, etxe hutsei buruzko azterketa amaitzerakoan, etxebizitzak birgaitzeko programa egokituko dute, ahalik eta etxebizitza gehien alokairuan jartzeko.

INBERTSIO NAGUSIAK

Mugikortasuna, irisgarritasuna eta trantsizio energetikoa sustatzeko proiektu zehatzetara bideratu nahi ditu gobernuak 2020ko inbertsio nagusiak. Aldaketa klimatikoaren aurkako plana egiteaz gainera, udal eraikinen kalifikazio eta kontsumo energetikoaren kontrolerako azterketak egingo dira. LED argiak ezartzen jarraituko dute eta eguzki plakak jarriko dira Ferialekuan. Hiriburuari buruzko plegu berriak baliatuta, «progresiboki», elektrikorako aldaketa egiteko nahia adierazi du Peonek. Kaleen zaharberritzean eragiteko asmoa du udal gobernuak, «oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin». Laskorain kalea, Gernikako Arbolaren azken fasea, Paper kalea, Euskal Herri plazako lurra eta Uzturpeko teilatua aipatu ditu alkateak.

Proiektu berrien oinarriak jartzeko azterketak gauzatu nahi ditu udalak 2020. urtean. «Aparkaleku arazoari buruzko azterketa egingo da irtenbideak proposatzeko eta honen barruan garatuko da Zumardi Txikirako proiektua, Tolosatzen prozesuaren barruan herritarrekin landutako aurreproiektua oinarri hartuta». Rondilla kalea eta kultur etxea eraberritzeko proiektuak lantzeko borondatea ere agertu du udal gobernuak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!