"Maitemintzen diren bi protagonisten inguruko istorioa da"

Leyre Carrasco 2019ko aza. 21a, 11:59

Adriana de Arriba tolosarra literatur munduan bete-betean murgildu da eta Donostian kokatu duen 'Once flores rojas: amores del siglo XXI' izeneko amodiozko eleberriarekin hasi du bere ibilbidea.

Amodioa, gazteak eta XXI. mendean errespetua ulertzeko erak izan dira abiapuntu Adriana de Arribaren (Tolosa, 1996) Once flores rojas: amores del siglo XXI izeneko lehen fikziozko nobelan. Tolosako kultur etxean aurkeztu berri du, eta eskuartean duen hurrengo proiektuaz ere mintzatu zen aurkezpenean.

Bere estreinako lana 23 kapitulutan banaturik dagoen 189 orriz osaturiko nobela da, eta bertan maitasunaren eta elkarrekiko errespetuaren gainean hausnartzen du. Nando eta Amira dira protagonista nagusiak eta Donostiara eramango dien abentura batean murgilduko dira.

Nola izan zenuen eleberria idazteko aukera?

Txikitan liburu bat irakurtzen hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidanez, nik ere liburu bat idaztea pentsatu nuen, baina bukatu gabe utzi nuen eta gerora ez nuen berriro hartu. Denbora bat kanpoan igaro ostean, nire lehengusu Unairekin elkartu nintzen. Bera izan zen bere poema-liburua ekarri eta literatur mundura berriro bultzatu ninduen pertsona. Literatura nire txikitako zaletasuna zen, ordura arte ez nuen hartu, eta bera izan zen bultzadatxo hori eman zidana. Orduan konturatu nintzen, nolabait, nire pasioa hori zela, literarura.

Zergatik aukeratu zenuen eleberria eta ez beste literatur genero bat?

Idazten ari naizenean, istorio luzeak sortzea gustatzen zait, eta hori da eleberri bat, kontakizun edo ipuin batetik bereizten duena. Eleberri batean, istorioari bizia emango dioten pertsonaia ezberdinak sortzea gustatzen zait eta korapilo bat egin beharrean, hiru egiteko aukera ere izaten dut, baita trama bat sortzen nagoen bitartean, hiru korapiloak askatzekoa ere. Azken finean, hori guztia luzatzen doa eta modu horretan sortzen da eleberria. Hemendik aurrera, soilik eleberriak idatziko ditut. Egunen batean agian, kontakizun bat idatzi dezaket baina momentuz, amodiozko eleberriak idatziko ditut.

Zergatik aukeratu zenuen amodiozko eleberri batekin hastea?

Eleberri bat idazteko gaia oso arina dela iruditzen zait. Gai honi buruzko gauzak erraztasun handiz idazten ditut. Bi aldeetan kokatu behar nuen, eta ez nuen pertsonaien inguruan hainbeste ikasi behar. Ez da berdina, ez dakizun zerbaiti buruz idaztea edo dakizun zerbaiti buruz idaztea. Azkenean, erraztasunagatik aukeratu nuen amodiozko eleberria idaztea.

Momentuz, beraz, amodiozko eleberriak soilik idatziko dituzu.

Bai, baina, esaterako, beldurrezko eleberrietan ere pentsatu dut. Baina idatziko ditudan eleberriek amodioa erdialdean kokatua izango dute beti, nahiz eta gerrak eta beste gai batzuk ere kontuan izan. Protagonismoa amodioak izango du. Adibidez, nire lehen eleberria, maitemintzen diren bi protagonisten (Nando eta Amira) inguruko istorioa da. Baina idazten ari naizen eleberrian, amodioaz gain, gerrateei buruz ere ari da. Urte batzuk atzera joango nahiz eta horregatik gehiago landu beharra daukat.

Nola izan da eleberriaren sortze prozesua?

Egia esatea nahi baduzu, apur bat ero-eroan. Ez ditut literatur ikasketak eta hobby moduan hasi nintzen idazten. Apirilaren bukaeran, eskuizkribu dezente nituen eta horiekin nahaspilatzen ari nintzenez, kapituluetan banatzea erabaki nuen. Eleberria argitaratu baino lehen, idazle profesional batekin geratzea ondo egongo zela iruditu zitzaidan. Berak aholkatu bezala, egokiena liburu bat oinarri batekin hastea da eta bereziki eskema batekin, baina nik ez nuen hori egin eta harrituta geratu zen nik lan guzti hori ero-eroan egin izanaz. Momentu horretan pentsatu nuen hau zela nire pasioa, baita egitea gustatzen zaidana ere. Ezer ikasi gabe bakarrik sortu dut. Egia da oraindik ikasteko asko geratzen zaidala, baina ikasten noan heinean, ez naiz geldituko eleberriak idaztez gehiago gustatu edo gutxiago.

Nolakoak dira bi protagonistak?

Nando izeneko mutikoa, kirolari arrakastatsua da. Une triste batean dago Euskal Herrira etorri eta hizkuntzarekin zailtasun handiak dituelako. Baina pixkana animatzen joan da, kasu egiten dion neska bat ezagutuko duelako eta beretik oso gertu bizi dela konturatuko da. Azkenean, pertsonak bakarrik ez gaudela konturatzen hasten da, alegia, hari gorri baten bidez norbaiti lotuak gaudela.

Esaten dutenez, Paris da 'maitasunaren hiria' baino zuk kasu honetan Donostia aukeratu duzu. Zergatik?

Hau ere erraztasunagatik izan zen. Ez da berdina ezagutzen dugun edo egon garen toki bati buruz hitz egitea, edo egonda ez gauden edo guztiz ezagutzen ez dugun toki bati buruz hitz egitea. Adibidez, paper zuri bat izango bagenu eta orain gauden gela hau deskribatu beharko bagenu, bakoitzak bere erara eta bere hitzekin egingo luke. Baina adibidez, Saharako basamortuaz hitz egiten badizut eta ez bazara inoiz joan, gutxi gora behera badakizu bertan zer dagoen, hau da, dunak sortzen dituen hondarra, gameluak, dromedarioak eta abar. Bertan jada egonda dagoen pertsona batek toki hori deskribatuko balu, agian eta ziurrenik pertsona horrek idatzitako testua irakurtzen duenari bertan dagoela sentiaraziko dio. Arrazoi horregatik aukeratu nuen istorioak Donostian izan behar zuela lekua, baita, nahiz eta Amazon plataformatik argitaratu, hemen Gipuzkoan argitaratu dutelako. Bertan, Donostiatik ezagutzen ditugun leku desberdinez aritzen naiz eta hori dibertigarria zela iruditu zitzaidan.

Hausnarketa batzuk egiten dituzu eleberrian, bereziki maitasunaren elkarrekiko errespetuari buruz. Gaur egungo gazteek harreman bat hasten dutenean hori gehien huts egiten duen balioetako bat dela iruditzen al zaizu?

Nire ustez, hein handi batean bai. Kontuan izanik era guztietako familiak eta bikoteak daudela, erlazio batean gaizki pasa edo kolpe txarra jaso duten pertsonetan zentratu naiz. Azken finean, mina eramaten jakin behar da, gero beste erlazio osasuntsu bat izateko. Norbaitek mina egiten badizu eta ez baduzu min hori kentzerik lortzen, izango duzun hurrengo erlazioa, agian toxikoa izango da. Egoera hori, handitzen doan elur pilota baten modukoa izango da.

Zer da helarazi nahi izan duzun mezua eleberri honen bitartez?

Mutilei bereziki esango nieke maitasunean esperientzia txar batek izateak, ez duela esan nahi guztiaren amaiera denik. Neskei berriz, haien burua errespetarazteko. Pertsonaiek sentitzen dutena egiten dute, nahiz eta txarra edo ona izan, eta horrek mesede egiten die amaiera zoriontsu bat izan dezaten.

Zure bigarren ekeberriarekin ari zara orain. Lehenaren antzekoa izango da edo guztiz desberdina?

Guztiz desberdinak dira. Proiektu berri honetan, pertsonaia asko agertuko dira eta istorioa guztiz desberdina izango da. Somaliaz eta Espainiako 1989. urteaz ariko naiz. Fikziozko eleberri bat izango da, benetako leku eta datetan oinarritua. Hala ere, orain prestatzen ari naizen bigarren hau baino lehen, beste bat nuen bidean Nunca sereis mis heroes izenekoa. Eleberriaren izenburua eta guzti aukeratua nuen, baina baztertzea erabaki dut oraindik zati asko geratzen zaizkidalako zuzentzeko eta ikusteko. Arrazoi hori dela eta, gehiago zentratu nahiz proiektu berri honetan. Nunca sereis mis heroes izeneko eleberrian, amodiozko kapitulu asko egongo dira baina ez da erabat amodioan oinarritua egongo Once flores rojas liburuan bezala. Kasu honetan ere, guztiz desberdinak izango dira. Nahiz eta azken finean, amodioa beti bertan egongo den.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!