Etxebizitza hutsei irtenbidea emateko azterketa

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 20a, 16:30

Alokairuan ahalik eta etxebizitza gehien eskaintzeko helburuz, enpresa bat kontratatu du Tolosako Udalak, etxebizitzen inbentarioa, jabeen elkarrizketak eta etxebizitza beharrak zerrendatzeko.

Tolosako Udalak duela zenbait urte osatu zuen etxebizitza hutsak birgaitu, eta horiek alokairuan eskaintzeko proiektua. Agintaldi berriaren hasierarekin, ordea, gobernuak programa hori eguneratzeko beharra ikusi du, eta enpresa bati agindu dio herriko etxebizitza hutsen azterketa xehea egitea.

Hilabete honetan ekin zioten lanari eta, hasteko, Tolosako etxebizitza hutsen inbentarioa osatuko dute, benetan hutsik dauden bizitokiak identifikatzeko. Inbentario horretan, etxe hutsen kopuruarekin batera, etxe bakoitzaren egoera ere zehaztuko du azterketak eta, horrela, irisgarritasun baldintzak edo eraikinen egoera ere jasoko dituzte. Bigarren pausoa etxebizitzaren gaia inguru soziodemografikoan aztertzea izango da eta, horretarako, etxebizitza eskatzaileen profilak aztertuko dituzte, haien errenta, jatorria, adina, sexua, egoera zibila nahiz lanbidea kontuan hartuz.

Jabeen iritziek ere garrantzia izango dute azterketa horretan, eta etxebizitza hutsak merkaturatu gabe izatearen arrazoiak ezagutzea da udalaren nahia. Horretarako, azterketaren ardura duen enpresa hasia da, honezkero, etxebizitzen jabeekin aurrez aurreko elkarrizketak hitzartzen.

Azkenik, jabeei inkesta bat betearaziko diete, eta auzokideekin ere hitz egingo dute.

Tolosako Udalak nabarmendu du, alokairua sustatzea beren helburu nagusien artean dela, bereziki, gazteei begira. Horrela, azterketaren emaitzek emantzipazio aukera berriak sortzeko lan ildoak zabalduko dituela baieztatu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!