Tolosako Udalak legealdi osorako kudeaketa plan «bizia» aurkeztu du

Rebeka Calvo Gonzalez 2019ko aza. 18a, 19:58

Datozen lau urteetarako lan ildoak zehaztu ditu udalak; dokumentu bizia dela esan dute, «aldagarria, testuinguru eta beharretara egokituko dena».

2019-2023 legealdirako lehentasunak zehazten dituen kudeaketa plana aurkeztu du Tolosako Udalak. Olatz Peon alkateak pertsonak ardatz dituen dokumentua dela nabarmendu du, eta udala eraginkorragoa eta berdinzalegoa bihurtzea duela helburu.

Era berean, kudeaketa plana bizia dela esan du, hau da, gaur egungo egoeraren arabera egin dutela, baina «ezustekoak gertatuz gero edo beharren arabera» aldatu daitekeela. «Udal egitura berria oinarri hartuta garatutako dokumentua da, bizia, aldagarria, testuinguru eta beharretara egokituko dena, baina aldi berean lehentasunak ezartzen dituena; zer garen eta zer izan nahi dugun ikuspegiari erantzuten diona, era planifikatuan lan egiten eta egungo beharrei zein etorkizunekoei eraginkortasunez erantzuten lagunduko diguna, herritarrei eskainitako zerbitzua etengabe hobetzen jarraitzeko». Lehen aldia da legealdi osorako plana egiten dutela, orain arte aurrekontuarekin batera, urtetik urterako plangintza zehazten baitzuten.

Lanerako tresna bezala aurkeztu du udalak kudeaketa plana eta sail bakoitzeko helburuak zehaztu dituzte bertan. «Udalari eta oposizioari jarduna neurtzeko eta kontrolatzeko erreminta ematen dio».

2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planak, hortaz, pertsonak erdigunean jartzea du helburu eta horretarako hiru ezaugarri hartu dituzte kontuan: zintzotasuna, elkarlana eta eraginkortasuna. Plana gauzatzen mahai politiko-teknikoa aritu da. Alkateak gainera, teknikarien lanari eman dio garrantzia: «Teknikariekin batera landu da eta horregatik diogu  errealitateari lotuta dagoen plana dela. Egingarria da, nahiz eta lan asko egin beharko den». 

Kudeaketa planaren berri emateko hiru politikariren laguntza izan du Olatz Peonek. Xabier Balerdik Antolakutza arloari buruzko azalpenak eman ditu, Nerea Letamendiak Herritarren arlokoak, eta Egoitz Sorozabalek Lurraldeari lotutakoak. 


Antolakuntza arloa
Xabier Balerdik Antolakuntza arloari lotutako bi helburu eta sei ekintza estrategikoren berri eman du, eta eraginkortasuna lortzea lehenetsi dutela esan du. Lehen helburua udala eraginkor, erabakitzaile eta berdinzalegoa egitea dela esan du. Helburu hori lortzeko kudeaketa eredu berria ezarri da udalean, «udal antolakuntzaren berritze plana garatuko da giza baliabideak ahalik eta modurik onenean hornitu eta antolatzeko, langileen prestakuntza plana diseinatu eta garatuko da herritarrei eskainitako arreta eta zerbitzua hobetzeko eta udalaren modernizazio teknologikoaren plan estrategikoa aurrera eramango da». Digitalizaioaren aldeko urratsak egiteko zuntz optikoa eta wifi sarea zabalduko dituztela ere esan du. 
Bigarren helburutzat udal ondarea balioan eta erabilgarri jartzea aipatu ditu, eta zehaztu du udal artxibo bakarra eta udal ondasunen inbentarioa sortuko dituztela. 


Herritarren arloa
Lau helburu zerrendatu ditu Nerea Letamendiak: herritarren babes soziala bermatzea, garapen ekonomikoa sustatzea, herritartasun aktiboa sustatzea eta herritarren ahalduntzea bultzatzea. Babes soziala bermatzeko Abegi zentroan gaueko zein eguneko zerbitzua martxan jarriko dituztela eta adineko pertsonen arreta zerbitzua indartuko dituztela aurreratu du. Adikzioen aurkako plana eguneratuko dutela ere esan du. 

Era berean, eta beste hainbat ekintzen artean, aipatu ditu gazteen ekintzailetza, eta enpresa txiki zein ertainen lehiakortasuna laguntzeko programak indartuko dituztela, eta diru laguntzak, Enplegu Plana eta formakuntza mantenduko dituztela.

Merkataritza eta ostalaritzari lotuta, lokal hutsen aferari eutsiko diotela esan du, larunbatetako azoka gazteei gerturatzeko egingo dutela lan, eta turismoari begira hiri marka eta kanpo proiekzioa landuko dituztela aipatu ditu, besteak beste.

Bukatzeko, eta azken bi helburuei lotuta, udal administrazioa herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, gardentasun ataria berrituko dutela, zerbitzuen mapa osatuko dutela eta partaidetzarako ordenantza garatuko dituztela esan du.

Lurralde arloa
Lurralde arloari lotuta bost helburu estrategiko aipatu ditu Egoitz Sorozabalek. Helburu horiei lotutako 18 proiektu biltzen ditu kudeaketa planak. Espazio publikoa eta udal eraikinak baldintza hoberenetan mantentzea da helburuetako bat. Heriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeri lotuta aparkaleku beharrari buruzko azterketa egingo dutela esan du Sorozabalek, udalarentzat estrategikoa den proiektu 
bat garatu ahal izateko, Zumardi Txikiaren eraberritzea, alegia.

Horrekin batera Rondilla kalea oinezkoei zabalduko dietela esan du, errepidea eta espaloia maila berean jarriz, besteak beste. Hiri berrantolatze integratua bultzatzeko helburuari lotuta, RC-2 gunea –Gorriti plaza–, Santa Luzia-Guadalupe eremua eta San Esteban auzoa aipatu ditu. San Esteban auzo lasaia eta kulturalki bizia izateko lan egingo dutela esan du eta gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko helburuz lan egingo dutela. Udal ekipamenduen plangintza gauzatzea ere helburuen artean kokatu dute. Eta horrekin lotuta, udal liburutegia, kultur etxea, musika eskola eta Usabalgo 3. fasea aipatuz, espazioak egokituko dituzte. 


Ospitale publikoa ere aipatu du. Izan ere, EAJk ospitale publiko berri bat egitearen alde hitz egin zuen duela hilabete batzuk, eta orain, udalaren esku dagoena egingo dutela esan du Sorozabalek, hau da, kokapena erabaki eta plan orokorrean kokatu.


Bukatzeko, udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko kontsumo arduratsua eta hondakinen kudeaketa hobetzeko kanpaina berriak egingo dituzte, eta zaraten ordenantza berrikusiko dute kutsadura akustikoa murrizteko, besteak beste.

2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!