Zeinu dantza tailerra, haurren gozagarri

Ataria 2019ko azaroaren 16a

Gorren Komunitatearen XVI. Sentsibilizazio Astearen baitan,  zeinu bidez dantzan aritu dira gorrak diren zein entzule diren haurrak.

Dantzan aritu dira haurrak, musikarik eta zaratarik egin gabe: zeinu bidez egin baitute koreografia oso bat. Arymux konpainiako Rakel Rodrigezek eskaini du tailerra, eta hogei gaztetxo inguruk hartu dute parte. Ondoren, 17:00etan, Isiltasunean dantzan deritzon zeinu-dantza ikuskizuna eskainiko du umeentzat Zerkausian. 

Atzo ere izan zuen bere tartea Gorren Komunitatearen XVI. Sentsibilizazio Asteak. Gainditzen elkarteak antolatutako marrazki lehiaketako sari banaketa izan baitzen. Gorrak diren pertsonen komunikazio trabak gaitzat hartuta antolatu dute marrazki lehiaketa, eta eskola ezberdinetako haurrek hartu dute parte.

Sari banaketa ekitaldian, hasteko, haur bakoitzak bere marrazkia azaldu zuen eta jarraian, sariak banatu zituzten. Marrazkirik hoberenaren saria Samaniego herri ikastetxeko Aya Ammarrek eskuratu zuen. Bigarrena, Irurako iakstolako Oihane Yurritak, eta hirugarrena, Uzturpe ikastolako Urtzi Arsuagak. Besteak beste, zeinu hizkuntzako hiztegia eta jostailu bat erosteko bale bana eskuratu zituzten. Amaitzeko, jostailu ezberdinen arteko zozketa egin zuten, haurren artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!