EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

'Gatazka'ri beldurra galtzeaz

Ataria 2019ko aza. 15a, 19:59

Mugimendu feministaren hizkuntza praktikei buruzko mahai inguru batek itxi du, 'Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargune' hitzaldi zikloa.

Lau hitzaldiren ondotik, mahai inguru batek biribildu du Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosaldeko Asanblada Feministak elkarlanean antolatutako Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargune zikloa. Asteazkenean Tolosako kultur etxean elkartu ziren Petra Elser, Idurre Eskisabel, Tarana Karim eta Edurne Aranbarri eta, Jone Amonarrizek gidatuta, hizpide izan zituzten aurreko hitzaldiek emandakoak, eta V. Jardunaldi Feministetan loratutakoak.

Euskarari eta feminismoari begiratzeko norbere leihoa deskribatu eta gero, Lorea Agirrek lehen hitzaldian garatutako ideiari tiraz ekin zioten saioari: aitzindaria al da mugimendu feminista, euskalduntze praktiketan? Baietz uste du Edurne Aranbarri Azpeitiko Emakumeen Txokoko ordezkariak: «Mugimendu feministak aurrerapauso handiak eman ditu euskalduntze bidean, neurri handi batean hori Bilgune Feministari esker izan da».

Petra Elserrek hizkuntzaren ikuspegi inklusibo bat eraikitzeko beharrari eman zion garrantzia: «Nola bilatu bideak, emakume gehiagok eremu euskaldun horiek konpartitzeko? Horri jarri behar diogu fokua».

Mugimendu feminista euskararen normalizazioan eragile garrantzitsu izateak, ez du esan nahi mugimendu feministaren baitan gai horrekiko tentsiorik ez dagoenik; hala dio Idurre Eskisabelek. «Hizkuntza gatazka bat bizi dugu, eta mugimendu feministaren barruan ere badago gatazka hori. Uste dut beldurra galdu behar diogula gatazka hitzari».

Zergatik gatazka?

Tarana Karim azerbaijandarra da, eta 17 urte daramatza Euskal Herrian; horietatik 15, euskara ikasten eta erabiltzen. Karimek sentitzen du, migratzaileei exijitu egiten dietela euskara ikastea, baina «askotan modu dominatzailean» ikusten duela hori: «Gainera, atzerritarrez gain, bada euskaraz ez dakien edo euskaraz bizi nahi ez duen bertako jendea. Izan ere, euskara ideologia jakin batekin lotu izan dute urte askotan, eta horrek sortu du banaketa». Horrela, Tarana Karimek euskal komunitateak gizarteko errealitateari begiratu behar diola uste du, «euskaraz ez dakiten horiek ere kontuan hartuz».

Zentzu horretan, eta nahiz eta hizkuntza komunikaziorako tresnatzat jo, Petra Elserrek ez du neutro ikusten hizkuntza gutxitu bateko hiztun izatea, hizkuntza hegemoniko baten ondoan: «Ez tronpatu etsaia». Hala ere, uste du «moralaren behatzarekin ez dela ezer aldatuko», eta bestelakoak proposatu zituen gizartea euskalduntze bidean: «Pelmadagutxiago eta benetako aukera gehiago behar ditugu, jendea euskarara gerturatzeko. Zergatik irakasten dute gaztelera, doan, Helduen Hezkuntza Eskoletan, eta ez euskara? Bide politiko errealak proposatu behar dira horretarako, baina behetik gora».

Elserrekin erabat ados azaldu zen Eskisabel, puntu horretan. Ordea, zailtasun bat ikusten du berak, euskararen ateak irekitzeko: «Ez dugu estatu politikarik, beste era bateko testuinguru bat sortu eta gure hizkuntza normalizatzeko. Migratzaile guztiek, latinoamerikarrek salbu, besterentze bat egiten dute hizkuntzari dagokionez, eta lehendik ez zekiten hizkuntza bat ikasi; ia beti, gaztelera. Haur eta gazte euskaldunek ere, inguruko guztia gazteleraz jasotzen dute; muga handiak ditugu».

Eta, bestelako muga batzuei heldu zien Edurne Aranbarrik, euskara herritar migratzaileei begira jarriz: «Euskara irakasteko zerbitzuek, askotan, ez diote begiratzen migratzaileen eguneroko bizitzari. Zabaldu egin behar da euskara bizi kalitatea hobetzeko eta lan hobeak bilatzeko aukera bat ere badela».

Bide horretan, Azpeitiko Emakumeen Txokoan martxan dauden bi egitasmo jarri zituen mahai gainean. Hitzahaldundu/Empalabramiento izenekoa da bata, eta alfabetizatzeko elkartzen dira emakumeak, baina genero ikuspegitik egiten dute lanketa, eta hizkuntza politika ere jorratzen dute. Bestetik, Mintzalilaizeneko proiektua dute esku artean: «Jendea konturatu zen, Azpeitian ate asko zabaltzen dituela euskarak, eta euskara ikasteko pausoa eman zuten askok. Hasieran mahai baten bueltan elkartzen hasi ginen euskaraz aritzeko, baina ikusi genuen zenbait kulturatako emakumeak erosoago daudela sukalde baten bueltan, eta orain hala egiten dugu».

Eraldaketa politikorako tresna

Behin gatazkak onartuta, aurrera begirako helburuei begira jarri ziren mahai inguruko hizlariak.

Idurre Eskisabelek ezinbestekotzat jo zuen, «mugimendu feministak ulertzea eta bere egitea, euskara ere elkartasunerako eta eraldaketa politikorako tresna dela». Horrenbestez, «tokian tokian», baina praktikak garatzeko beharraz ohartarazi zuen, intersekzionalitatearen aterkipean: «Mugimendu feministak berea duen beste gatazka bat gehiago da hizkuntzarena».

Tarana Karimek, bere aldetik, kontuan hartua izatea eskatu zuen: «Mugimendu feministak hasi behar du gu kontuan hartzen, M8tik eta A25etik kanpo. Gizarteak bere sentitu behar ditu etortzen diren hizkuntzak eta kulturak».

Azkenik, jendea euskarara erakartzeaz aritu zen Petra Elser: «Hizkuntza ez da helburua, tresna baizik, gizarte eredu berri bat eraikitzeko. Jendeari lagundu egin behar diogu euskararen ibilbidean, komunitateko kide izateko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!