Belaunaldi berriak dendaratzeko kanpaina

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko azaroaren 15a

Tolosa&Co elkarteak 20 euroko 100 bono banatuko ditu datorren igandean, 18 eta 35 urteko herritarren artean.

Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak, datuak eskuan, belaunaldi arrakala bat sumatu du herriko komertzioetako bezeroen artean. Teknologia berrien olatua hartuta, belaunaldi gazteenek joera handia dute erosketak internet bidez egiteko, eta errealitate hori irauli nahi du Tolosako merkatari eta ostalari elkarteak.

Tolosa&Co elkartearen Visa txartela erabiltzen dutenen artean, eta elkartearen promozioetan parte hartzen dutenen artean, adin talde eskasena 25-34 urte bitartekoa da. Horrela, bezero gazteenei begirako kanpaina martxan jarri dute: 20 euroko 100 txeke banatuko dituzte, Tolosako denda nahiz tabernetan erabiltzeko.

Kanpainak 18 eta 35 urte bitarteko herritarrak hartuko ditu, eta datorren igandean zabalduko da txekeak eskuratzeko epea, 21:00etatik aurrera, tolosandco.org webgunean; izen-emate hurrenkeraren arabera banatuko dituzte aipaturiko txartelak.

Gazteen kontsumo ohituretan eragitearekin batera, 18/35 kanpainak jomugan du azaro amaierako Black Friday kanpaina handikiaren aurrean alternatiba bat eskaintzea ere, nolabait, jende gaztea Tolosan eta komertzio txikian geratzeko ahalegin hori ikusaraziz.

Behin txekeak banatuta, Eguberriei begira, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak Gabonei begirako hitzordu eta kanpainak iragarriko ditu.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!