Edo, gure gorputzeko zelula guztiek informazio genetiko berdina izanik, neurona bat edo espermatozoide bat bezain zelula ezberdinak zelula beretik garatzea? Ba al dakizue nola eragiten dion ingurumenak gure gorputzari eta osasunari? Bada, galdera hauen erantzuna, hein batean behintzat, epigenetikak dauka.
Epigenetika hitza inoiz entzun ez baduzu ere, irakurle maitea, honezkero suposatu duzu genetika eta geneen adierazpenarekin lotuta dagoela. Estiloko zerbait… Oinarrian, DNA sekuentzia osatzen duten letren (A, T, C, G) gainean jartzen den informazio gehigarria da epigenetika. Hau da, epigenetikak ez du informazio genetikoa aldatzen ez baitu DNA sekuentziaren gainean eraginik, baina geneen adierazpenerako erabakigarria da. Izan ere, bere gainean ezarritako marka epigenetikoen arabera gene zehatz bat «itzalita» edo «piztuta» egongo da. Zeluletan, marka epigenetiko ezberdinak daude, eta hauen konbinazioak gene zehatz bat nola prozesatzen den erabakiko du. Marka hauetako batzuk zuzenean DNA letren gainean ezartzen dira. Beste batzuk aldiz, histona izeneko proteinen gainean, zelula bakoitzeko 2 metro DNA nukleoan konpaktatzen laguntzen duten oinarrizko proteinen gainean hain zuzen. Beraz, laburbilduz, marka epigenetikoen ezarpena DNA kolore ezberdineko errotuladoreekin azpimarratzearen parekoa da (kolore bakoitzak marka bati dagokio), kolore ezberdinek garrantzitsuak diren DNA fragmentuak adierazten dituztelarik.
Beraz, zelula mota ezberdinen sorreraren galdera erantzunez, esan daiteke zelula guztiek DNA berdina dutela, baina zelula mota bakoitzean era ezberdinean azpimarratuta aurkitzen dela. Hau da, zelula mota bakoitzak marka epigenetiko ezberdinak dituenez bere DNA-n idatzitako jarraibideak era ezberdinean interpretatuko dira, eta ondorioz piztu/itzaliko diren geneak ezberdinak izango dira zelula mota ezberdinen sorrera eraginez.
Bestalde, azpimarratzekoa da marka epigenetiko guztiak ez direla finkoak, hau da, denboran zehar hauetako batzuk agertu eta desagertu egin daitezke. Gainera, heredagarriak dira, haurdunaldian amagandik fetura pasatzen baitira, horrek dakartzan ondorio guztiekin… Hau da, marka epigenetikoak dinamikoak izanik, denboran zehar piztu/itzaltzen diren geneak aldatuz doaz. Eta marka epigenetikoen dinamikotasun hau ingurumen faktoreekin zuzenki erlazionatua dago. Zehazki, ikusi da tabakoak, dietak, substantzia toxiko eta kutsatzaileek, estresak,… gure seme-alabek heredatuko dituzten marka epigenetikoetan eragina dutela. Eta gure bilobek heredatuko dituztenetan ere bai, marka hauen herentzia bi belaunalditaraino iristen dela ikusi baita.
Epigenetikaren alorra nahiko berria denez, oraindik aurkikuntza zirraragarri asko dago egiteko. Izatez, azken urteetan zientziaren fokua epigenetikan jarri da genetika eta herentzia tradizionalak azaldu ezin dituzten fenomeno guztien (eta «guztien» esatean «epigenetika denaren atzean dago» esan nahi dut) erantzule modura. Bestela, jarri ezazue Google-n 'epigenetics memes', eta zuek epaitu bilaketaren emaitzak… Batzuen arabera, Game of Thrones-en amaiera ere epigenetikak azaldu dezake! Baina, serio jarriz, beste edozein zientziaren adarrekin gertatzen den moduan, epigenetikak ez ditu erantzun guztiak, zientziaren zoko ilun dezente argitzen lagundu badu ere. Hau da, kilo bat izozki jan ondoren gizentzen baduzu ez da zure amonaren dietaren herentzia epigenetikoaren errua…