Eguneroko zailtasunak ikustarazteko helburuz

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 14a, 15:58

Gorren Komunitatearen XVI. Sentsibilizazio Astea martxan da Gainditzen elkarteak antolatuta; bihar gaztetxoen marrrazkiak izango dira ikusgai, eta etzi Babarrun Festarekin bat egingo dute.

Gorren komunitatearen XVI. Sentsibilizazio Astea antolatu du Tolosaldea Goierriko Pertsona Gorren Gainditzen elkarteak. Komunitateak egunerokoan jasaten dituen arazo eta zailtasunak ikustaraztea da ekimenaren helburua. Izan ere, Gainditzenetik esan dutenez, «topatzen dituzten trabak gainditzea errazagoa da herritar guztiak horien jakitun badira».

Hala, zailtasun eta traba horiek irudikatzen dituzten ilustrazioak ikusi ahalko dira azaroaren 25era bitarte Tolosako hainbat dendetako erakusleihoetan. Biharko eta larunbaterako, berriz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar, Tolosaldeko hainbat ikastetxetako haurren parte hartzearekin egin duten marrazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute Tolosako kultur etxean, 17:30ean. Gorrak diren pertsonek komunikatzerakoan dituzten arazoak aintzat hartuta egin dituzte marrazkiak ikasleek. Lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiekin erakusketa ikusteko aukera izango da, sari banaketa ekitaldiaren ondoren.

Larunbatean Tolosan egingo den Babarrun Festarekin ere bat egingo du gorren komunitateak. Izan ere, babarrun lehiaketak irauten duen bitartean, datuak eta epaimahaiaren erabakiak zeinu hizkuntzara itzuliko ditu interprete batek. Horrez gain, haurrei zuzendutako zeinu dantza tailerra egingo dute haur gorrentzat 11:00etatik aurrera kultur etxean. Izaskun elkartean babarrun jatea egiteko elkartuko dira ondoren.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 18:00etara bitartean, Isiltasunean dantzan Rakel Rodrigezen ikuskizuna ikusi ahalko da Zerkausian.

NAZIOARTEKO ZINE JAIALDIA

Bestalde, Gorren komunitateak antolatuta zeinu hizkuntzan egindako filmeen nazioarteko lehiaketako sari banaketa Tolosan izango da aurten. Abenduaren 3tik 6ra bitarte egingo dituzte lehiaketarekin lotutako ekitaldiak, ondorengo egitarauarekin:

Abenduaren 5ean, ostegunean gorrei zuzendutako filmeen emanaldia eta ondorengo solasaldia izango dira, kultur etxean, 19:30ean hasita. Eta, abenduaren 6an, ostiralean, 16:30etik 21:00etara, lehiaketan parte hartu duten 15 film laburren proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia izango da Leidorren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!