EH Bilduk akordio proposamena egin dio gobernuari, aurrekonturako

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 14a, 11:59

Hauteskunde programako helburu bertsuak abiapuntu hartuta, 2020. urteko bidea gobernuarekin elkarlanean egin nahi du oposizioak; Bilgunean aurkeztu dute proiektua.

Hauteskunde programetan «gai berberak jorratzeko asmoa» azaldu zutela ikusita, Tolosako EH Bilduk akordio proposamena helarazi dio EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari, 2020ko udal aurrekontuari begira. Bilgunean eman dute egitasmo osoaren berri, eta iragarri dute gobernuko ordezkariekin ere bildu direla, beren proiektua aurkezteko: «Momentuz, entzun egin digute; beraiek ere lanean ariko dira aurrekontua osatzeko, eta ikusi egin beharko dugu elkarrekin aritzeko aukerarik sor daitekeen».

Izan ere, Andu Martinez de Rituertok azpimarratu du, «hauteskunde aurretik azaldu bezala», elkarlanerako atea zabalik utzi nahi diotela gobernuari eta, bide horretan, zeharkako bost gairen gainean berdintasuna, jasangarritasuna, osasuna, ekitatea eta euskara eraiki dituzte hainbat esparrutako proposamenak; oposizioaren iritziz, ezinbestean heldu beharrekoak.

BERRIZTAGARRIAK ETA KONTZIENTZIA

Joan den iraileko plenoan, Tolosako Udalak aho batez onartu zuen aldaketa klimatikoari aurre egiten saiatzeko neurri sorta. Besteak beste, udal eskumenaren diagnosi bat egitea eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legea udalerrian garatzea onartu zuen udalbatzak. Bada, EH Bilduk data jarri die lege hori Tolosara egokitzeko lehen urratsei: 2020ko ekainerako lehen hurbilpena egitea proposatu dute.

Horrez gain, honako neurriak jarri dituzte mahai gainean: Tolosan energia berriztagarriak sortzeko dauden aukerak aztertzea; berriztagarrien inguruko informazio eta aholkularitza zerbitzua herritarrei eskaintzea; eta kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzea, aldaketa klimatikoa sustatzen duten faktoreak gutxitzeko.

Mugikortasunari begira ere, ezinbestekotzat jo dute mugikortasunaren paradigma iraultzea, lehentasunak aldatuz: «Oinezkoak, bizikleta, garraio publikoa eta garraio pribatua». Horrela, mugikortasunaren bueltako bizikidetza arautu nahi dute, eta Hiribusa udaleratzeko azterketa juridiko-ekonomikoa egin.

Hondakinen gaian prebentzioan jarri nahi izan dute fokua eta, besteak beste, azokan oihalezko poltsak banatzea, jaietan tabernariek edalontzi berrerabilgarriak banatzea edo auzokonposta sustatzea zerrendatu dituzte balizko ekintzatzat.

ENPRESA INDARTSUAK ETA BERTAKOEK BERTAKOA

EH Bilduko udal taldearen ustez, Tolosaldea Garatzenek gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak indartu beharko lituzke eta, lan ildo berriak irekitzeko, «Tolosako Udalaren inplikazioa handitu». Izan ere, proiektu estrategiko eta berritzaileak erakartzearen beharraz ohartarazi dute eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza inplikatuz, «Apattako bigarren fasean energia berriztagarrien sustapena garatzea, edo enpresa traktore bat erakartzea.

Proposamen sozioekonomikoetan lehen sektoreari ere begiratu nahi izan diote, eta eskualdeko zenbait herritan jada abiarazitako egitasmo bat Jan Tolosaldea Tolosako ikastetxeetara ekartzea ere proposatu dute: «Bertan bertakoa kontsumitzea». Gainera, gazteen erosketa ohiturak aztertu nahi dituzte, kontzientziazioa pizteko eta gertuko merkataritzaren garrantzia helarazteko.

Auzoen berezko izaerari ere heldu nahi izan dio oposizioko taldeak, parte hartze prozesuak areagotuz, eta auzoetako kultur jarduerak agenda bateratu batean bilduz.

Esku hartze zehatzei begira, San Estebani «behin betiko irtenbidea» ematea nahi dute, gunean genero ikuspegia txertatuz. Olarrainen, berriz, bidegurutzean oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egitea lehentasunezkotzat jo dute, eta Berazubin Elkano kalea egokitzea. Larramendiko Arkaute etxea eta parkea berritzeko beharra ere hizpide izan dute, eta Bedaion Abaetxeko ganbarari irtenbide bat eman behar zaiola uste dute.

Hirigintza lan gehiago ere txertatu dituzte aurrekontu proposamenean, premisa batekin: «Espazio publikoa herritarrentzat berreskuratzea». Modu horretan, Rondillan oinezkoei espazio handiagoa ematea, Zumardi Txikia berreskuratzea eta Alde Zaharreko aparkalekuei irtenbide bat ematea zerrendatu dituzte proiektu posibletzat.

OSPITALEA, LEHENBAILEHEN

Oposizioak «ongietorria» eman nahi izan die EAJ eta PSE-EEri, ospitale publikoa egiteko aldarrikapenera. Horrela, EH Bilduk azaldu du «presazkoa» dela ospitalea kokatzeko orubeen azterketa egitea, berau non eraiki litekeen lehenbailehen erabakitzeko.

Gizarte politikei dagokienez, berriz, herriko diagnosi integrala egitea jarri dute mahai gainean, «Tolosako gizarteak komunitate ikuspegia berreskuratzeko». Horren harira, udaleko pertsonal politiko-teknikoarentzat prestakuntza ere eskatu dute, «aurreiritzi eta estereotipoen aurkako borrokan».

EMAKUMEEN ETXEA UKIGARRI

«Tolosako emakume batzuen urtetako lanari esker», parte hartze prozesua martxan jarri zen iaz, baina momentuan Emakumeen Etxeko proiektua «geldirik» ikusten du EH Bilduk. Udalaren eta emakumeen arteko harremana «eten» egin dela uste dute, eta etxea zein emakumeak zaindu egin behar direla.

Horrela, 2020. urterako espazioak behar dituen baliabide material eta ekonomikoak martxan jartzea eskatu du oposizioak: «Ez da etxearen forma zehaztu behar, hormak eraikitzen hasteko. Udalaren lana presazkoa da».

Etxearen proiektuaz harago, politika feministak garatzeko hainbat ideia helarazi ditu EH Bilduk: zaintzaren inguruko diagnosia egitea; indarkeria matxista eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei ikuspegi feministatik arreta zerbitzua eskaintzea; eta aurrekontuak genero ikuspegitik garatzeko, egungo sistema fiskala ere ikuspuntu horretatik lantzeko formakuntza jasotzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!