Festa berdinzaleagoetara pauso berriak emateko garaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 14a, 08:47

Hirugarren urtez, Jai Behatokiak Tolosako sanjoanak aztertu ditu, eta zenbait ondorio atera; emaitzekin ekintza plana osatuko du, orain, Tolosako Udalak.

Tolosako jaietan emakumeen presentzia eta parte hartzea bermatze aldera, Tolosako Udalak martxan jarri zuen, duela hiru urte, Jai Behatokia. Finean, jai batzuen bueltan azter litezkeen datu guztiei begiratzeko tresna da eta, horrela, antolakuntza, komunikazioa, egitaraua eta indarkeria matxista izan dituzte jomugan, gero ondorioak ateratzeko. Azken neurketa aurtengo sanjoanen ingurukoa izan da, eta udalak ekintza plan bat osatzeko asmoa iragarri du, «epe labur, ertain eta luzeko helburuak» zehaztuz. Aipatzekoa da, Jai Behatokiak ez dituela inauteriak aztertzen, baina udalak berdin-berdin jasotzen dituela haiei dagozkien datuak.

Azken sanjoanei dagokiona da udalak plazaratu berri duen informazioa eta, antolakuntzari dagokionez, hiru bilera behatu ditu behatokiak. Horietan, parte hartzea nahiko parekidea izan zen emakume eta gizonen artean, baina, adinari eta ordezkaritzari dagokionez, aniztasun handiagoa izan da gizonezkoen artean: eragileak, herritarrak, teknikariak eta zinegotziak.

Horrez gain, datu aipagarria da Jaiak berdintasunean gidaren ezezagutza: herenak bakarrik zuen haren berri.

ZEHARKAKOTASUNIK GABE

Sanjoanen bueltan behatutako hiru bileretan, honakoa izan da hutsune nabarmenena: berdintasuna ez zen zeharkako gaia izan. Bide beretik, jai bilera horietan ez zuten festa giroko indarkeria matxistaren gaia jorratu, ez udalak, ez eragileek proposatuta.

Kontrara, jaiak iragartzeko komunikazio esparruari dagokionez, Jai Behatokiak erdietsi du irizpideak «oso sistematizatuta» daudela honezkero.

Horrela, gaur egun errutinazko lanak dira kartel lehiaketako epaimahaia parekidea izatea, egitarauan hizkuntza eta irudiak zaintzea, egitarauan indarkeriaren aurkako mezuak zabaltzea, eta egitarauan emakumeen parte hartzea ikusaraztea, besteak beste, eskopetarien, bordon dantzarien eta batukadako kideei dagokienez.

Iazko datuak aurtengoekin alderatuta, txupinazoan ere izan da hutsunerik, Jai Behatokiak egindako txostenaren arabera. Hasiera batean, jaietako suziria botatzeko lau hautagaiak emakumeak edo emakumezko taldeak izanagatik, azkenean Tolosako Udal Txistulari Banda igo zen balkoira jaien hasieran.

Kontzertuetan ere, oraindik egiteko asko dagoela dio txostenak, izan ere, programatutako saioetatik %28an parte hartu zuten emakumeek, eta hainbatetan saio oso maskulinizatuak izan ziren.

«ERAGIN EREMUA HANDITZEA»

Jai bileren inguruko hausnarketa «integralaren beharra» azpimarratu du Jai Behatokiaren txostenak. Horrela, ezinbestekotzat jo dute berdintasunaren gaia eta indarkeria matxistarena zehazki bilera guztietan lantzea.

Horren harira, «zor historikoa» parekatze aldera, behatokiak proposatu du, urtero txupinazorako emakumeak lehenestea, eta emakume musikariak kontratatzeko udal irizpideak sortzea.

Indarkeria matxistaren aurka, berriz, tabernariekin lanketa bereziak egitea da etorkizunera begirako helburuetako bat, haiek erasoak errazago identifika ditzaten, eta aurre egin diezaieten.

Horrela, beraz, Tolosako Udalak azaldu du «estandarrak igotzeko unea» dela, eta jai berdinzaleetara iristeko «pauso berriak» ematekoa. Behatokiaren emaitzekin ekintza plana diseinatzea izango da lehenengoa, eta gero plan hori gauzatzen hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!