Argazki galeria

Eta orain Lehen Mailakoaren bila

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 13a, 22:06

Partida historikoa irabazi du Tolosa CFk Pontellasen aurka Errege Kopan, eta are historikoagoa jokatuko du abenduaren 18an, Lehen Mailako talde baten aurka.

Jende ugari izan da Berazubin, eta bi aldiz lehertu da gaur arratsaldean: Jon Elorzak partidako gol bakarra sartu duenean eta epaileak bukaera eman dioenean norgehiagokari. Tolosako futboleko gizonezkoen talde nagusiarentzat markatuta geratuko da gaurko data bere historian, Pontellas talde galiziarrari 1-0 irabazi ondoren. Gaurko koska igaro beharra zegoen, abenduaren 18an iritsiko den sari nagusia lortzeko: Errege Kopako kanporaketa jokatuko du Tolosak, Berazubin, Lehen Mailako talde baten aurka. Igande honetan, 12.30ean, egingo da zozketa eta orduan jakingo da zein izango den talde hori.

Ander Avellaneda Tolosako entrenatzaileak azaldu duenez, "tentsio handiko partida izan da. Taldeak lan ona egin du, eta horrelako sari bat lortzeko sufritu beharra genuen". Pontellas baloiarekin eroso aritzen den taldea zela bazekiten, eta horrela erakutsi dutela gaineratu du Avellanedak: "Korrika asko eginarazi digute, eta taldeak lehen zatian izan ditu desoreka batzuk. Bigarren zatian hobeto sartu gara eta une onean iritsi da gola. Gero taldea pixka bat atzera bota da, ikusten genuelako erritmo horretan jarraitzea oso zaila zela. Azkenean emaitzari eustea eta sufritzea tokatu zaigu". Azken minutuak "ikaragarri luzeak" egin zaizkio entrenatzaileari eta azkenean "merezitako saria" lortu dutela esan du.

Abenduaren 18ra bitarte gozatzea tokatzen zaiela esan du Avellanedak: "Gaurko garaipenak asko balio digu ligarako, mentalki sinesteko posible direla helburuak lortzea. Orain, momentuz ilusioz biziko dugu, egunez egun, ikusita ametsak egi bihurtzen direla". Entrenatzaileak badu bere aukera egina hurrengo kanporaketa zeinen aurka jokatu: "Gipuzkoarrak gara, eta erreferentzi bezala Reala dugu. Udan lagunarteko partidak jokatzen dira, baina hau beste gauza bat da. Reala izan daiteke, baita Athletic ere, nik gustura hartuko nuke euskal talde bat. Kanpora begiratuz gero, Sevilla edo Betis izan daitezke".

Unai Etxeberria Tolosako atzelariak nahiko ika-mikak izan ditut Pontellaseko erdiko aurrelariarekin: "Oso sendoa eta azkarra zen eta nire bertutea ez dugu esango azkartasuna denik, eta korrika abiatu aurretik molestatu behar zitzaion nola edo hala. Uste dut azkenean partidatik ateratzea lortu dugula, eta lan txukuna egin dugula". Bigarren zatian presioa hobeto egin dutela eta goleko aukera hortik sortu dela azaldu du Etxeberriak. "Gero sari handia zegoen jokoan, eta atzean sartu gara inertziaz markagailuari eusteko". Lehen Mailako taldearen aurkako kanporaketari begira, prestatzeko "urteko partidarik errazena" izango dela gaineratu du: "Edozein etortzen dela gustura hartuko dugu. Hor bai aterako garela gozatzera, eta ahal duguna egitera joango gara". Etxeberriaren aukera aurkari izateko Athletic da: "Realaren aurka jokatuz gero hanka suabe-suabe sartuko nuke. Uste dut Atlheticekoen aurka errazago sartuko dudala".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!