Bang Bang, zinemaren magia taldean gozatzeko proposamena

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 13a, 09:13

Larunbatean zinema saio berezia hartuko du Leidor aretoak, bi klasiko handirekin; urtarrilaren 18rako beste hitzordu bat jarri dute.

Zinemazaleak segungo gutxi behar ditu, Bang Bang Quentin Tarantinoren Kil Bill filmeko soinu bandarekin lotzeko. Eta, hain justu, zinemaren nostalgia dastatzeko deia da, Tolosan martxan jartzera doazena: Bang Bang zinema saioak. Datorren larunbatean izango da lehen saioa, 18:30etik aurrera, Leidor aretoan, eta En busca del arca perdida (1981) eta Pulp fiction (1996) eskainiko dituzte.

Azken urteotan Tolosan zinema zaletasunak «nabarmen gora» egin duela azaldu du Izarne Iglesias kultura zinegotziak aurkezpen agerraldian; «eragin zuzena izan dute bonuek».

Horrela, Bang Bang hitzorduak pantaila handia taldean gozatzeko deiarekin batera datoz, Donostiako Antzoki Zaharrean ohitura bilakatu den moduan.

ZINEMA BAINO ASKOZ ERE GEHIAGO

Ikus-entzunezkoen kontsumoa gero eta indibidualizatuagoa bilakatzen ari dela iritzita, 2014an sortu zuten, Donostian, Bang Bang egitasmoa: «Errealitate hori irauli nahi genuen, bi klasiko baten prezioan eskainiz, eta zinemaz gozatzeko modu berri bat eskainiz». Lagunartean ekin zioten ideiari, eta honezkero nortasun ikur bilakatu da saio horietako giroa, zinemazaleen artean.

Jon Paul Arroyo eta Iñaki Gabarain elkarteko kideek azaldu dute, filma erdigunean izanagatik, inguruko guztiak egiten dituela berezi Bang Bang saioak: «Zinema bizitzeko beste modu bat da, ondo pasatzeko nahiarekin, eta hori inguruko elementuetan islatzen da». Modu horretan, filma hasi baino orduerdi lehenago egin dute hitzordua, Leidorreko sarreran jan-edanaz gozatu eta hitzordua girotzen hasteko. Photocall-a eta filmekin lotutako mozorroak ere izango dira, argazkiak atera ahal izateko, eta areto barruan aurkezle bat izango dute, publikoak zuzenean parte har dezan: «Jendearen oihu eta txaloak eskatzen ditugu, eta jolasak ere izaten dira, bukaerara arte giroa mantendu dadin. Krispetak ere doan eskainiko ditugu, eta aurretik eta atsedenaldian pelikulen inguruan hitz egiteko aukera izango da».

NOSTALGIA JOLAS BAT

Donostian proiektuarekin hasi zirenez geroztik, zinemaren nostalgiarekin jolasten saiatu dira, eta 1980ko edo 1990eko hamarkadetako pelikulak programatu ohi dituzte. Gazteagoentzako, berriz, pantaila handian sekula ikusi gabekoak ikusteko aukera eskaintzen du Bang Bang hitzorduak.

Horrela, larunbatean bi klasiko ikusgai izango dira, 5 euroan eta jatorrizko bertsioan: Indiana Jones-en En busca del arca perdida (1981) eta Pulp fiction (1996). Proiektua eta bi filmak bateratu dituzte Tolosako lehen hitzordua aurkezteko kartelean, eta Garikoitz C. Murua izan da egilea.

Azaroaren 16an Tolosako egitarau soziokulturala bete-betea izango dela jakitun, urtarrilaren 18rako bigarren hitzordua jarria dute jada, Bang Bang-eko antolatzaileek; ordurako, ikusleek pantaila handian gozatu nahiko lituzketen pelikulak proposatu ahal izango dituzte. «Zinemarekin konexio emozional hori lortu nahi dugu Tolosaldean ere, eskualde hau ere Bang Bang lurralde bat zan dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!