Etxebizitza hutsen azterketa zehatzari ekin dio udalak, alokairua sustatzeko lan ildoak eguneratzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko azaroaren 12a

Alokairuan ahalik eta etxebizitza gehien eskaintzeko helburuz, enpresa bat kontratatu dute, etxebizitzen inbentarioa, jabeen elkarrizketak eta etxebizitza beharrak zerrendatzeko.

Tolosako Udalak duela zenbait urte osatu zuen etxebizitza hutsak birgaitu, eta horiek alokairuan eskaintzeko proiektua. Agintaldi berriaren hasierarekin, ordea, gobernuak programa hori eguneratzeko beharra ikusi du, eta enpresa bati agindu dio herriko etxebizitza hutsen azterketa xehea egitea.

Hilabete honetan ekin zioten lanari eta, hasteko, Tolosako etxebizitza hutsen inbentarioa osatuko dute, benetan hutsik dauden bizitokiak identifikatzeko. Inbentario horretan, etxe hutsen kopuruarekin batera, etxe bakoitzaren egoera ere zehaztuko du azterketa eta, horrela, irisgarritasun baldintzak edo eraikinen egoera ere jasoko dituzte.

Bigarren pausoa etxebizitzaren gaia inguru soziodemografikoan aztertzea izango da eta, horretarako, etxebizitza eskatzaileen profilak aztertuko dituzte, haien errenta, jatorria, adina, sexua, egoera zibila nahiz lanbidea kontuan hartuz.

Jabeen iritziek ere garrantzia izango dute azterketa horretan, eta etxebizitza hutsak merkaturatu gabe izatearen arrazoiak ezagutzea da udalaren nahia. Horretarako, azterketaren ardura duen enpresa hasia da, honezkero, etxebizitzen jabeekin aurrez aurreko elkarrizketak hitzartzen. Azkenik, jabeei inkesta bat betearaziko diete, eta auzokideekin ere hitz egingo dute.

Tolosako Udalak nabarmendu du, alokairua sustatzea beren helburu nagusien artean dela, bereziki, gazteei begira. Horrela, azterketaren emaitzek emantzipazio aukera berriak sortzeko lan ildoak zabalduko dituela baieztatu du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!