Hilabeteko grebari ekin eta bi egunera iritsi zen akordioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan, larunbat goizaldean. Lan Harremanen Kontseiluan egin zituzten bilerak azken egunetan sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak, kontseiluko kide bat bitartekari zutela, eta goizaldean lortu zuten adostasuna. Sindikatuen esanetan, aintzat hartu dituzte haien aldarri gehienak, eta akordio «ona» sinatu dute; horrenbestez, bertan behera geratu da hilabeteko greba. Ostegunean hasi ziren, eta abenduaren 5era arte ziren jarraitzekoak.
ELAk du gehiengoa Kristau Eskolan, eta harekin bat eginda egon dira greba deialdian LAB, Steilas eta CCOO; aurreko protestetan UGT ere egon da batasun sindikal horretan, baina ez azkenekoetan, gehiegizkotzat jo baitu hilabeteko greba deialdia. Akordioa sinatzerakoan ere ez da izan batasun sindikalik: LABek ez du sinatu. ELAren jokabidea salatu du —«hark bakarrik parte hartu du gobernuarekin eta patronalarekin egindako negoziazioetan, eta gainerako sindikatuek ez dugu batere proposamenik ikusi azken unera arte»—, baita Eusko Jaurlaritzarena ere —«hauteskunde kanpaina iritsi denean bakarrik inplikatu da»—.