Hirugarrengoan bai

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko azaroaren 9a

Irudia: EITB

Jon Ander Peñak irabazi du Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketa. Hirugarren finala jarraian jokatu du tolosarrak, eta gaur, bai, txapelarekin itzuliko da Iruñeko Labrit pilotalekutik Tolosara. Alberdik 15 egin ditu.

Hasiera parekatua izan du partidak, baina Jon Alberdik jarritako jokoari segika ibili behar izan du tolosarrak. Banakako eta binakako berdinketen ostean, 3-6, 5-7, 7-11 joan da markagailua. Hamaikanako berdinketaren ostean, sakez falta egin du Peñak, atsedenera azpeitiarra aurretik zuela iritsiz.

Partidaren erditik aurrera, ordea, beste Peña bat ikusi da. Partidan sartu da. Jokoa hobetu du, erosoago aritu da, eta abiadurarekin zuzen jokatuz 22rako bidea hartu du. 12-12ko markagailutik 14-12, 18-13, 19-14, 20-15 eta 22-15ko emaitzak izan ditu partidak. Mina egin dio Alberdiri eta freskoagoa iritsi da 18ko atsedenera.

Guztira 14 tanto egin ditu Peñak, eta 9 galdu. Sakez tolosarrak 5 sartu dizkio, eta bi falta ere egin ditu. Aldiz, Alberdik 9 egin eta 8 tanto galdu ditu.

Partidaren ostean, oso gustura agertu da Jon Ander Peña, eta buru gainean jantzi duen txapela bere bi aitonei eskaini die. Bidea luzea izan dela nabarmendu du, baina txikitatik amestutako bidea gero eta gertuago du tolosarrak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!