'Gabiriko Pepe'-ren umiltasuna omentzeko kontzertua antolatu dute

Tolosako Santa Mariako Musika kaperak hilaren 15erako kontzertua berezia antolatu du. Hil berria den Jose Antonio Arzelus organo jotzailearen oroimenezkoa izango da kontzertua, Santa Maria parrokian bertan.

Maite Crespillo Santa Maria kaperako partaide eta bakarlariak adierazi du: "Kontzertu hau berezia izango da guztiz, gure Jose Antonio Arzelus, Pepe zena omenduko dugulako". 1985ean, hiru hilabeterako hasi zen Kaperako organo jotzaile Arzelus, eta ia 30 urtez luzatu zen bere borondatezko lana. "Ofizialki, 2011ko Errege eguneko meza izan zen azkena, baina hori ez geroztik behin baino gehiagotan parte hartu zuen Kaperako jardunaldietan. Beraz, irabazita dauka honako aparteko kontzertu hau", adierazi dute antolatzaileek. Parrokiak eta Kaperak elkar lanean antolatua izan da.

Kontzertu hau Xexili eguneko egitarauen barruan kokatu dute, eta 20:00etan izango da: "Misa hiru eta lau ahotsetara, Offertoire bat Eguberrietako organo kanta moduan; Goazen guztiok zortzikoa; Re menor kontzertua txistuarekin interpretatuko dena; Eguzki aldetikan zortzikoa; Tartum ergo bakarlarientzako eta Niño Divino haur Eguberri kanta" eta "parte hartuko dugun abeslari, organista, orkestra musikari eta zuzendariak oso ezaguna den egitaraua interpretatuko dugu", argitu du Crespillok.

Maria Yarza eta Maite Crespillo izango dira bakarlari tipleak, tenorea Javier Yarza eta baxuak, berriz, Iñigo Goya eta Santi Mendigain. Txistuan Ander Letamendia eta organoarekin, Myriam Ulanga ariko dira. Guztia, Luis Orduñaren zuzendaritzapean izango da.

Arantza Aramendi eta Ander Letamendia ere izan dira aurkezpenean. Bere umiltasuna nabarmendu dute guztiek; horixe zuela bere ezaugarri nagusi. Eta gogora ekarri dute: "Zazpi urte bete baino lehen, bere aitak solfeoa, pianoa eta organoaren ikasketetan sartu zuen. Hamaika urte soilik zituenean, garaiz aurretiko bere aita eta irakaslearen heriotzagatik, Gabiriako organista plaza bere gain hartu behar izan zuen. Kargu honek, liturgiako ospakizun bakoitzean, meza emaile, herritar eta parrokiako koroa organoaz laguntzea suposatzen zion. 1984an, Tolosako Santa Maria parrokiko organista nagusia zen Salustiano Balza hiltzean Pepek, sei hilabetez organistaren kargua bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen". Urte luzez luzatuko zen gero, bere jarduna.

Diskoa eta DVDa salgai

Kapera honek Eduardo Mocoroaren hemengo obra guztiak eta beste lau gehiago 2018an grabatuta ditu, eta horrez gain, 2015ean grabatu zuten DVD-CD Misa Pastoral eta beste bost obra agertzen direna. Tolosaldea Tour bulegoan daudela salgai esan dute, eta kontzertuaren aurretik edo ostean ere erosteko aukera izango dela.

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!