Iaz baino gehiago, eta hobea

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 8a, 11:58

Aurkeztu dute Tolosako Babarrunaren festa, eta haren osagai guztiekin; datorren ostegunetik igandera izango da

Garai batean ukuilu izandako txokoan sutondo goxo bat du, orain, Gure Kaiola elkarteak. Mahai zapiak, platerek eta lapikoak irudi idilikoa osatzen dute bertan, eta babarrun usaina ia imajinatu egin daiteke. Bada, horrelaxe aurkeztu dute aurtengo Babarrunaren Festa. Datorren ostegunetik igandera izango da eta, beti bezala, perla beltza izango da hitzordu guztien erdigune.

Urtez urte berritzen eta indartzen joan den festa da udazkeneko uztaren bueltakoa, eta iazkoak errekor guztiak gainditu zituen, Euskal Jaiaren aparrarekin. Aurten giro horri eta bertako produktuaren gorakadari eustea izango da, festaren bueltako eragile guztien gogoa.

Eta, Tolosako Babarrunaren Elkartearentzat, urte berezia izango da, gainera: 25. urteurrena ospatzen ari dira. Xabier Goikoetxeak elkartearen hastapenak ekarri nahi izan ditu gogora, 1994ra begira, eta Jose Ignacio Telleria, Patxi Aldasoro eta Marti Mantxo aipatu ditu. Ekoizleei begira, berriz, emakumeei jarri nahi izan die fokua, «betidanik egon izan baitira lotuta, emakumeak eta babarruna». Horrela, Mari Karmen Iradiren lana errekonozitu nahi zan du, besteak beste.

Mende laurdena pasatu baldin bada ere, elkartearen helburua ez da aldatu hasieratik hona, eta beren produktuaren kalitatea izan dute beti jomugan. Garai berrietara egokituz, ordea, «poltsa berezituekin hasitakoa» asko garatu dela azaldu du Goikoetxeak.

Dena den, elkarlanean aritzeko gaitasuna nabarmendu du guztiaren gainetik, eta albiste bikain bat eman babarrunzale guztiei: «Aurtengoa iazkoa baino hobea atera da. Iaz 16.000 kiloetara justu iritsi ginen, eta aurten 20.000 baino gehiago izango ditugu».

Uztaren festa gorena

Tolosako Babarrun Kofradian errelebo aldaketa gertatu zenez geroztik, Euskal Jaiak bere tartea hartu du Babarrunaren Festan. Horrela, iazko arrakastaren ondotik, aurten egitura antzekoa izango du larunbatak.

Horren aurretik, ordea, beste bi hitzordu ere prestatu dituzte, Imanol Zubelzuk azaldu duenez. Bata Pul pul jardunaldi gastronomikoak beteko du, aurten ikastaro formatuan: «Sukaltalka espazioan izango da, doan, azaroaren 14an, eta bertako produktuekin errezetak prestatuko ditu Ama tabernako Javi Riverok». Izen-emate hurrenkeraren arabera beteko dituzte 15 lekuak, eta izena komunikazioa.tbk@gmail.com helbidean eman beharko da.

Kofradiako ohorezko kide berriak, berriz, ostiral iluntzean izendatuko dituzte, eta Ane Gabarain aktorea, Tolosa Kantari eta Fronton jatetxeko lau zerbitzari izango dira omenduak.

Lehiaketa, ezinbesteko zita

Gure Kaiolako elkarteko kideak baserriz baserri joaten ziren babarrun lakariak erostera, lehiaketarekin hasi zirenean; kiloa 500 pezeta ordaintzen omen zuten hastapen haietan. Orduz geroztik aldatu dira gauzak, baina igandeko lehiaketak ezinbesteko zita izaten jarraitzen du askorentzat.

Aurten ere parte hartzaile berriak lehenetsiko dituzte. Elkartean bertan, 600 859 683an edo gurekaiola@hotmail.com helbidean eman daiteke izena. Igandeko bazkari txartelak ere salgai daude, bide beretan.



EGITARAUA

AZAROAREN 14A, OSTEGUNA

18:00. Sukaltalka espazioa, Zerkausi kalean, Pul pul jardunaldi gastronomikoa. Bertako produktuak platerera izenburupean, sukaldaritza ikastaroa eskainiko du Ama tabernako Javi Riverok.

AZAROAREN 15A, OSTIRALA

19:30. Tolosako babarrunaren ohorezko kideen izendatze ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan. Ekitaldi irekia izango da.

AZAROAREN 16A, LARUNBATA

06:30. XXXII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera, Trianguloa plazan.

08:00. San Blas elkarteak antolatuta, XXVII. Odolki Lehiaketaren hasiera, San Frantzisko pasealekuan.

09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan.

10:15-13:00. Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketa, Ferialekuan.

11:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak lanari ekingo dio, Trianguloa plazan.

11:00. Dantza ikuskizuna, Udaberri dantza taldearen eskutik, Trianguloa plazan. Ondoren, kalejira egingo dute, Tolosako kaleetan barrena, Bentazaharreko Mutiko Alaiek lagunduta.

11:15. Tolosako Erraldoi eta Buruhandiak Trianguloa plazan.

12:00. Kofradiaren eskutik, babarrunak dastatzeko aukera, Trianguloan.

12:15. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa, Trianguloa plazan.

12:45. XXVII. Odolki Lehiaketako sari banaketa.

13:00. Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketako sari banaketa.

14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jateak.

18:00. Oihana Iguaran eta Agin Laburu bertsolariak Beti Alai jatetxeko balkoitik, bertsotan.

18:30. Jainekin txaranga kalez kale ibiliko da, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik hasita.

19:15. Joxe Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariak Orbela tabernako balkoitik. Ondoren, kalejira egingo dute Euskal Herria plazara.

20:00-22:00. DJ Txurru Euskal Herria plazan.

23:00. Gozategi Plaza Berrian.

00:30. Jainekin txaranga kalez kale, Plaza Berrian hasita.

AZAROAREN 17A, IGANDEA

08:00. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXIII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, Trianguloan.

13:00. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloa plazan.

14:30. Herri bazkaria Zerkausian. Txartelak salgai Gure kaiolan.

16:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa, Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!