Berazubi festa bat izatea nahi dute

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 7a, 20:34
Iñigo Eraña, Mikel Arruabarrena, Ander Avellaneda eta Mario Zubelzu.

Datorren asteazkenean, azaroaren 13an, "partida historikoa" jokatuko du Tolosa CF futboleko gizonezkoen talde nagusiak Berazubin. Lehenbiziko aldiz Kopako txapelketaren kanporaketa aurrekoa jokatuko du, Galiziako Pontellas taldearen aurka izango da, eta hori gaindituz gero Lehen Mailako talde baten bisita jasoko du Berazubin. Hori are historikoagoa izango litzateke.

Klubarentzat datorren asteazkeneko neurketak duen garrantzia azaltzeko prentsaurrekoa eskaini dute, eta bertan izan dira Iñigo Eraña futbol saileko lehendakaria, Mikel Arruabarrena errendimenduko kirol zuzendaria, Ander Avellaneda entrenatzailea, eta Mario Zubelzu kapitainetako bat.

Tolosa CF bezala, Pontellas Hirugarren Mailara igo berri da denboraldi honetan. "Urtea ondo hasi du, guk bezala, baina azken hiru partidak galdu egin ditu", azaldu du Arruabarrenak. "Guk zorionez aurreko egunean buelta eman genion gure hilabete txarrari. Hamabost puntu ditugu eta uste dugu denboraldia ondo doala taldearentzat". Arruabarrenak gogora ekarri du neurketa Berazubin jokatzen dela eta eskatu du herritarrei Tolosako futbol zelaira joateko: "Egun historikoa izan daiteke guretzat. Jokatu ditugu partidak Lehen Mailako euskal taldeen aurka, baina asteazkeneko partida irabazten badugu lehenengo aldia izango da txapelketa ofizial batean Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera dugula. Beraz, garrantzia handia du guretzat neurketak, eta jendearen animoak behar ditugu". Arruabarrenak ere azaldu du Tolosa CFko maila guztietan jokatzen ari diren gaztetxo eta haurrei deialdia egingo dietela joateko, eta nabarmendu du agian ez dela berriro horrelako aukerarik izango, eta beraz klubean eta inguruan dauden guztiez gain, herri guztiari egin dio gonbidapena Berazubira joateko.

Taldea "ilusioarekin" dagoela gaineratu du Avellanedak: "Saiatzen ari gara oraindik normaltasun puntu hori ematen, aurretik asteburuan ligako beste partida bat dugulako. Gero iritsiko da Kopako partida hori. Partida berezi bat da, historikoa, esaten ari garen moduan. Zozketan zorte puntu hori izan dugu, eta etxean jokatuko dugu partida". Hemendik bi urtetara klubak ehun urte egingo dituela ekarri du gogora, eta Kopako txapelketan parte hartzeko aukera izatea azken urteetan taldea egiten ari den lanaren ondorio dela. "Azkenean festa bat izatea nahi dugu asteazkeneko partida. Dagoeneko hona iristea sari bat da, eta orain beste pauso bat gehiago eman nahi dugu".

Bere aldetik, Zubelzuk azaldu du taldearentzat "esperientzia berri" bat izango dela. "Gogoz eta ilusioarekin gaude. Badakigu ez dela erraza izango, beraiek ere motibatuta etorriko direlako. Baina, etxean jokatzen dugu, eta ea jendearen laguntzarekin aurrera ateratzen dugun partida".

Neurketa ikusteko ohiko prezioak jarriko dituztela esan du Erañak. Helduek hamar euro ordainduko dituzte eta haurrek bost. "Ez ditugu prezio bereziak jarri, gure nahia Berazubi betetzea delako", gaineratu du. "Harmaila nagusia bete dadila nahi dugu eta ahal dela jende gehiago etortzea". Pontellas taldearekin harremanetan daude, eta neurketak Galizian interes handia sortu duela jakinarazi diete. "50 eta 100 pertsona bitarte etorriko direla aurreikusten da", esan du Erañak. "750 kilometroko bidaia egin behar dute, eta beraientzat ere oso aukera ona da hurrengo partida garrantzitsu bat jokatzeko, baina gu saiatuko gara, noski, garaipena gurea izaten". Partida 19:00etan jarri dutela nabarmendu du, jende gehiago joan ahal izateko. Bestalde, Erañak jakinarazi du taberna irekita egongo dela, eta pintxoak eta ogitartekoak zerbitzatuko direla: "Azkenean arratsalde eder bat pasatzeko aukera oso ona izango da".

Bestalde, klubak gogoratu nahi izan du partidako egunean, Berazubiko instalakuntzak itxita egongo direla 16:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!