"Herri txiki bati buruzko kontakizuna egin dugu"

Leyre Carrasco 2019ko aza. 8a, 07:59

Xabier Ortiz sukaldari tolosarraren bigarren nobelak ez du zerikusirik bere ogibidearekin, eta oraingoan gainera Asier Garagarza argazkilaria izan du bidelagun.

Sukaldaritza afizioa zuela, Martin Berasategi eta Juan Mari Arzaken jatetxeetan sukaldari bezala lanean aritzera heldu zen Xabier Ortiz (Tolosa, 1974). 2003. urtean, Donostiako Cebank zentroko irakasle bezala hasi eta orain, literatur munduan sartu da. Urte honen hasieran bere lehen eleberri gastronomikoa, Las Leyendas del Caldero, argitaratu zuen, eta bigarrena ere iritsi da: Destino soñado. Azken honek ez du sukaldaritzarekin zerikusirik, hala ere. Azken liburu hori Asier Garagarza (Donostia, 1975) argazkilariarekin batera ondu du. Garagarzak 15 urte zituela erabaki zuen argazkilaritza munduan sartzea. Pasa den urtean, Espainiako argazkilari onenaren saria jaso zuen Akitanian ospatu zen CEF izeneko Espainiako argazkilarien konfederazioan, kostaldean, Landetan, ateratako argazki sortari esker.

Xabier sukaldaria, irakaslea eta orain idazlea zara, nola etorri zitzaizun literatur mundura murgiltzeko ideia?

Xabier Ortiz.Vigon (Galizia), pertsona talde batekin eskola bat ireki nuen eta handik bueltatzean, erronka baten moduan hartu nuen. Galdera bat egin nion nire buruari: «Eta orain zer?». Une horretan eleberri bat idaztea pentsatu nuen eta horrela hasi nintzen idazten. Bi urte iraun zuen lana izan zen, baina modu batera edo bestera, aurrera ateratzea lortu nuen.

Aipatu bezala, zure bigarren liburuak 'Destino Soñado' izena du. Noiz eta nola bururatu zitzaizun proiektu berri honen ideia?

X.O.Asier eta bion arteko ideia izan zen. Asierrek liburu bat ateratzeko asmoa zuen eta lagun minak garenez, ideia hori niri proposatu zidan. Segituan hasi ginen lanean. Lehenik eta behin, bere argazkiak ikusi nituen eta ondoren beste guztia lantzen hasi ginen. Hau guztia azkenean sinbiosi moduko zerbait izan zen; berak ideia zuen, nik gogoa, eta lagun onak garela kontuan izanik, hori ere garrantzitsua izan zen guztia aurrera eramateko.

Beraz, testuak argazkietara moldatu dituzue?

X.O.Bai, horrela izan zen. Berak izan zuen proiektu honen ideia. 50 argazki inguru erakutsi zizkidan eta argazkiak ikusi ostean, nik testuak landu nituen.

Liburu berriak, zure lehen nobelarekin alderatuta, sukaldaritzarekin du lotura?

X.O.Ez, ez du inongo loturarik. Hura proiektu bat zen, helburu batzuk zituen eta hau guztiz desberdina da. Hau kontakizun bat da, herri txiki bati buruzko kontakizun bat alegia, eta ez du zerikusirik sukaldaritzarekin.

Asier noiz sartu zinen argazkilaritza munduan?

Asier Garagarza.44 urte ditut eta 17 urte nituenetik argazkigintza munduan sartuta nago. Nire osaba argazkilaria zen, eta Eginegunkarian egiten zuen lan. Esan dezaket berak sartu zidala buruan argazkilaritza eta ondorioz, argazkilari bezala hasi nintzen lanean. Eta gaur egun arte horretan nabil.

Argazkiak normalean zuri-beltzean egiten dituzu, baina proiektu honetan argazkiei ukitu koloretsu bat eman nahi izan diozu. Zergatik?

A.G.Ukitu koloretsua bi edo hiru argazkietan soilik erabili dugu. Normalean argazkiak zuri-beltzean egiten ditut, modu horretan argazkiei indar handiagoa ematen diodalako. Argazkiak koloretan egiten ditudanean, koloreek oso harmonikoak behar dute izan eta garrantzi handiko koloreak gainera, oso ondo sakabanatuak egon behar dira argazkian zehar.

Zer adierazi nahi izan duzue liburu honekin? Eta zein helbururekin?

A.G.Lehenengo pausoa gure proiektua argitaletxe bati erakustea izan zen eta haien gustukoa balitz argitaratzea. Beraz, gure helburua proiektua ateratzea zen. Prozesu hori ondo atera zenez, hau izan da gure saria. Hori guztia lortu ostean, ikusiko dugu zer datorren orain.

Lehenengo nobela Tolosako herritarrei zuzendu zenien, zeini zuzendu diozu bigarren hau?

X.O.Orokorrean publiko guztiari zuzenduta dago, herri bati buruzko XX.mendeko kontaketa bat da.

Aurten labetik ateratzen duzun bigarren liburua da 'Destino Soñado', erritmo honetan hirugarrengo bat egongo dela pentsatu ahal da... Ba ahal duzu proiektu berriren bat buruan?

X.O.Horretan nabil. Proiektu bat nuen buruan baina azkenean ez dut egingo, gogogabetu egin bainaiz. Arrazoia da liburu asko ateratzen ari direla gai horri buruz eta niri originala izatea gustatzen zait. Beraz, orain lanean nabil, pixkana dokumentatzen eta beste proiektu batekin nabil martxan. Baina argi daukat hirugarren liburu horrek oraindik argia ikus dezan bi urte pasa beharko direla, luzeagoa egin nahiko nuke. Destino soñado adibidez, bi edo hiru ordutan irakurtzen da, pertsona bakoitzaren arabera. Baino prestatzen ari naizen nobela berriak 400 edo 500 orrialde inguru izango ditu, Las Leyendas del Caldero-ren antzeko zerbait egitea pentsatu baitut. Horrek lan handia du, beraz pazientziarekin hartuko dut.

Hirugarren proiektu horri buruzko zerbait aurreratzerik?

X.O.Hasieran, Elkanoren bidaiaren proiektua nuen buruan, baina azkenaldi honetan, bost nobela berri ikusi ditut bidai horri buruz eta horregatik egin dut atzera. Orain margolari baten bizitzari buruzko proiektua daukat buruan. Ez dakit aurrera aterako den, baina gauza garrantzitsuena istorioa bilatzea da. Ez da inspirazio puntua, lana baizik.

Argazkietara bueltatuz Asier, zein beste proiektu dituzu eskuartean?

A.G.Nire proiektuak adierazpenezkoak dira. Oraintxe bertan erakusketa batekin nago, Paisaje onirico izenekoa, eta urtarrilean, Langreo izeneko Asturiasko udalerrian egingo den FIAP publizitateko iberoamerikar jaialdira eramango dut eta hilabete guztian zehar egongo da ikusgai. Erakusketa horretan Destino Soñado liburua ere aurkezteko asmoa dut. Seguruenik Xabier nirekin etorriko da, beraz, han izango gara biok liburua aurkezten eta ederki pasatzen liburu eta argazkien artean. Nire helburua da erakusketa ahal dudan gehien mugitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!