"Alberdi eta ni finalera iristea ezustekoa dela esan daiteke"

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 7a, 11:59

Helburu garbia du Peña II.ak larunbaterako: txapela janztea. Konfiantzarekin dago eta finalean kontzentratuta egoteari bereziki garrantzia ematen dio pilotari tolosarrak.

Promozio mailako Lau eta Erdiko hirugarren finala jarraian jokatuko du Jon Ander Peñak (Tolosa, 1997) larunbat honetan. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du, Alberdiren aurka, eta 17:45ean hasiko den jaialdiaren bigarren partida izango da. Aurreko bi finaletan ezin izan zuen txapelik jantzi Peñak.

Hirugarrenean iritsiko da txapela?

Helburua hori da. Hiru finaletara iritsi naizela anekdota moduan polita geratzen da, baina aurreko biek ez dute ezertarako balio. Orainak balio du, eta ea larunbatean partida txukun bat ateratzen den.

Ez dute ezertan laguntzen aurreko bi finalek?

Eskarmentu puntu bat gehiago dut Alberdik baino, baina esandakoa, egun horiek nahiko bereziak izaten dira, zaila izaten da ehuneko ehuna ematea partida horietan, baina saiatu behar gara ahal den kontzentrazio maila handienarekin joatea eta bakoitzak bere partida egiten.

Eta zerbaitetan izorratu dezake aurreko bi finaletan gertatutakoari bueltak ematea?

Nik uste dut nahiko ahaztuta ditudala partida horiek. Ez naiz buelta asko ematen dizkion horietakoa, eta alde txarrik ez duela izango uste dut.

Fisikoki nola iritsi zara?

Fisikoki arazorik behintzat ez dut eduki. Urte zaila daramat, ia sei hilabete egon naiz geldirik, baina egia esan txapelketan ez dut arazorik izan, ez eskuetan eta ezta gorputzean ere. Oso gustura nago alde horretatik.

Lesioa guztiz ahaztuta, beraz.

Bai, azkenean markatu egiten zaituzte horrelako lesio gogorrak. Dagoeneko ahaztuta daukat, partida batzuk jokatu ditut ordudanik, eta aurrera segi beharra dago.

Eta buru aldetik nola iristen zara?

Oso gustura iristen naiz. Partida guztiak irabazita, baina izan dira ere justu irabazi ditudan pare bat. Konfiantzarekin nago, baina ez naiz konfiantzen: larunbateko partidan nire maila ematea eta kontzentrazio aldetik ondo egotea da helburua.

Txapelketako sentsazio on horiek, bai partidak irabaziz bai fisikoki ondo egonez, lagunduko dute finalerako.

Ekaina bukaera aldera helburua garai honetan ateratzea zen lesiotik. Azkenean askoz lehenago atera nintzen, eta orain begira non sartu naizen, eta uste dut harro egoteko modukoa dela. Halere, aurretik esandakoa, hori ahaztuta dago, eta orain partida hau irabaztea besterik ez dut pentsatzen.

Aurkariari buruz ere galdetu beharko dizut. Zer esan dezakezu Alberdiz?

Aurrena, oso gaztea dela, eta bigarrena, oso ondo jokatzen duela. Zerbaitegatik dago finalean. Lau eta erdia berari egokitzen zaion distantzia da, oso agresiboa da, tantoa oso erraz amaitzen du, eta lan gogorra izango dut larunbatean. Baina nik uste dut nirea eginez gero aukera izango dudala.

Ezustea izan da Alberdi finalera iristea?

Nik uste dut ezustekoa dela, eta niregatik ere horrela esango nuke. Aurten promozio mailakoan pilotari handiak zeuden. Agirre, Arteaga, Elordi, besteen errespetuarekin, uste dut txapelketako oilarrak zirela, baina kanpoan geratu ziren. Nik uste dut gauden biok merezimendu guztiz iritsi garela finalera.

Enpresa berekoa da Alberdi. Zenbateraino ezagutzen duzu?

Aspaldidanik ezagutzen dut. Txikitan bat egin izan dugu frontoian, baina azken urte eta erdi honetan ezagutu dut asko, enpresan astero eta ia egunero elkarrekin egon izan gara entrenatzen. Ezagutzen dut, eta berak ni ere bai, eta horrek alde onak eta txarrak ekar ditzake.

Ligaxkako partidan irabazi egin zenion.

Partida bakoitza mundu bat da. Irabazi nion partida ligaxkako lehena izan zen. Normalean oso berezia izaten da sentsazioak aurkitzea. Bartzelonan izan zen, urrun, eta sentsazioak ezberdinak izaten dira. Berak txapelketan zehar maila handiagoa eman du, bere buruarekin aurkitzen joan da, eta joko aldetik asko hobetu du.

Larunbatean zure jokoari begiratuko diozu gehiago?

Aurrena abiadura ematen saiatuko naiz. Banaka normalean abiadura ematen duenak agindu egiten du, eta abantaila izaten du. Saiatuko naiz kontzentrazioa ez galtzen, pentsatutako gauzak zuzen egiten, eta berak dituen abilezia horiei aurre egiten.

Azkenaldian lau eta erdian abiadura handian jokatzen da, airez asko sartuz. Partida gogortu behar bada botera gehiago jokatuko duzu?

Lau eta erdian egun ibiltzen den erritmoa ikaragarria da. Botean oso gutxi jokatzen da, eta jokatzen dena txapatik zentimetro batzuetara jokatzen da. Nik uste dut inori ez zaiola komeni erabat botera jokatzea. Nik nire jokoa egingo dut, ahal dela tantoa bukatzen, eta nire ustez airez sartzea beharrezkoa izaten da tantoa bukatzeko.

Entrenamendu bereziak egiten ari zara finalera begira?

Orain arteko entrenamendu berdinak egiten ditut. Entrenamendu fisikoak Beasainen, Iruñean ari naiz frontoiko entrenamenduak egiten, baina aurrekoen oso antzekoak. Egia esan, aurkari bakoitza ezberdin prestatzen dugu, bere alde onak eta txarrak aztertzen dituzu, baina entrenamendu aldetik txapelketa guztian berdina egiten ari naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!